Ekonomia -
EMAITZAK
Iberdrolak 4.300 milioi euro irabazi zituen 2022an, aurreko urtean baino % 11,7 gehiago
Bosgarren urtez jarraian hobetu ditu aurreko urteko irabaziak. Multinazionalak jakinarazi duenez, guztira 7.500 milioi euroko zerga ekarpena egin du, horietatik 2.600 milioi Espainiako Estatuan.
EITB MEDIA
Iberdrolak 4.339 milioi euroko irabaziak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino % 11,7 gehiago, konpainiak gaur goizean jakinarazi duenez. Gauzak horrela, bosgarren urtez jarraian hobetu ditu aurreko urteko irabaziak.
Hala ere, Espainiako Estatuan, % 19ko jaitsiera izan zuen, energiaren kostuak baldintzatuta batez ere. Aitzitik, irabazi handienak Ameriketako Estatu Batuetan eta Brasilen lortu ditu.
Multinazionalak 10.730 milioi euroko inbertsio errekorra egin zuen, eta horietatik 3.000 milioi inguru Espainiako Estatura bideratu zituen.
Halaber, 7.500 milioi euroko zerga ekarpena egin du, horietatik 2.600 milioi Espainiako Estatuan.
Aurtengo urteari begira, energia berriztagarrien aldeko apustua handitzearen alde hitz egin du. Gasaren menpe egon gabe prezioak baxuagoak izan litezkeela esan du, baina horretarako erregulazioari dagokionez egonkortasuna behar dela azpimarratuta.
Iberdrolaren ustez, Alemaniak eta iparraldeko herrialdeek babesten duten merkatuaren erreforma da bidea: "Europa gehiago eta interkonexio gehiago".