Ekonomia -

Next Generation

Bruselak Espainiari funtsen hirugarren ordainketa egitea onartu du, 6.000 milioi eurokoa

Europako Batzordeak egiaztatu du Espainiako Estatuak 2022ko lehenengo seihilekorako hitzemandako erreformak eta inbertsioak egin dituela, eta orain Europar Batasunak eman behar dio oniritzia.

Muntaia katea. Argazkia: EiTB
Muntaia katea. Argazkia: EiTB
Muntaia katea. Argazkia: EiTB

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Espainiako Estatuari pandemiaren osteko susperraldirako funtsen hirugarren ordainketa egitea onartu du, 6.000 milioi eurokoa hain zuzen ere, horrekin lotutako 29 helburuak bete dituela ikusi ostean, erakundeak jakinarazi duenez.

Orain, Europar Batasuneko estatuek lau asteko epea izango dute ordainketari oniritzia emateko, eta onartuz gero, Espainiak Next Generation funtsetatik 37.036 milioi euro jasoko ditu jada, gaurdaino gehien jaso duen estatua bilakatuta.

Bruselak egiaztatu du Espainiako Estatuak 2022ko lehenengo seihilekorako hitzemandako erreformak eta inbertsioak egin dituela, 23 mugarri eta 6 helburu, eta ikuskaritzan atzemandako gabeziak konpondu dituela.

Hiru egun barru eurodiputatu talde bat bertaratuko da Espainian plana nola ari diren aurrera eramaten aztertzeko, eta laugarren ordainketari, 10.000 milioi eurokoa izango denari, atea ireki zaio. Laugarren ordainketa horretan kokatzen da pentsio sistemaren erreforma, besteak beste.

Gaur onartutako hirugarren ordainketarako beharrezkoa zen Konkurtso legea, Lanbide Heziketaren Sistema, autonomoen kotizazio sistema eta Zerga Iruzurraren aurkako Borrokaren eta Prebentzio Neurrien  legea erreformatzea, eta energia berriztagarriekin lotutako inbertsioak sustatzea.

I+G+b sektorean ere aurrerapausoak eman behar zituen Espainiako Gobernuak, eta gutxieneko diru-sarrerak eskuratzeko tasan hobekuntzak egin, besteak beste.

Gainera, lehenengo ordainketarako eskaera aztertzerakoan atzemandako ikuskaritza arazoak konpondu ote dituen ere egiaztatu dute, tartean Espainian ordezkari legalik gabe diru-laguntza jasotzen duten enpresa atzerritarren kontratuei buruzkoa.

EBko estatuek hirugarren ordainketa horri bide emanez gero, guztira 37.036 milioi euro izango dira oraingoz jasoko dituenak, 2026ra arte eskuratuko duen diru-laguntzaren erdia.

Gainera, Espainiako Gobernuak 84.000 milioi euroko mailegua eskatuko dio Europako Batzordeari, beste 7.700 milioi euro Next Generation funtsetatik, eta 2.600 milioi jasoko ditu energia mendekotasuna murrizteko RepowerEU mekanismo berritik.

Guztira beste 94.300 milioi euro inbertsio eta erreformak egiteko energia, industria, elikadura, nekazaritza eta teknologia arloetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Dirulaguntzak Euskadin