Ekonomia -
INFLAZIOA
Oinarrizko erosketa saskiari % 14ko hobaria ezartzea proposatu du Unidas Podemosek
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroaren arabera, proposamena ez da bideragarria. Nadia Calviño presidenteordeak, bere aldetik, Gobernua hainbat neurri martxan jartzen ari dela eta atzotik 200 euroko txekea eska daitekeela azpimarratu du.
EITB MEDIA
Espainiako Estatuan elikagaiak inflazioaren gainetik garestitzen ari direla ikusita, oinarrizko erosketa saskiari % 14ko hobaria ezartzea proposatu du Unidas Podemosek. Zehazki, koalizio moreak planteatu du abenduaren 31ra arte indarrean egon den erregaien gaineko deskontuaren formula errepikatzea, eta beherapena kutxatik igarotzean aplikatzea.
Unidas Podemosen arabera, neurri horrek errenta baxuena duten familiei mesede egingo lieke, beraiek direlako elikadurara errentaren zati handiena bideratzen dutenak. Halaber, esnearen, arrautzen, ogiaren, frutaren edo haragiaren prezioa merkatzea ekarriko luke.
Bestalde, proposatu du Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak prezioak astero monitorizatzea, eta isunak jartzea enpresek beren irabazi marjinak handitzen badituzte.
Aitzitik, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak erantzun du Unidas Podemosen proposamena ez dela bideragarria. Are gehiago, neurri eraginkorrenak Gobernuak ezarritakoak direla esan du; zenbait produkturi BEZa jaistea eta errenta apalena duten familiei 200 euroko txekea ematea, besteak beste.
Nadia Calviño presidenteordeak azpimarratu du Gobernua hainbat neurri martxan jartzen ari dela eta atzotik 200 euroko txekea eska daitekeela.