Ekonomia -

SOLDATA ARRAKALA

Kategoria bereko bi lanposturen arteko soldata arrakala % 90ekoa izan daiteke eta gizonek ia bikoitza irabazi

Datu horiek agertzen dira LABek generoagatiko soldata arrakalaren inguruan egindako azterketan. Halaber, soldata arrakalaren nazioarteko egunaren harira, sindikatuak mobilizazioak deitu ditu otsailaren 22an Bilbon eta Iruñean.

Maddi Isasi eta Garbiñe Aranburu (LAB). Argazkia: LAB
Maddi Isasi eta Garbiñe Aranburu (LAB)
Maddi Isasi eta Garbiñe Aranburu (LAB). Argazkia: LAB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak salatu duenez, kategoria berekoak diren bi lanen arteko soldata arrakala % 90erainokoa izan daiteke eta gizonek emakumeen bikoitza inguru irabaz dezakete Euskal Herrian.

Sindikatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Donostian, generoagatiko soldata arrakalaren inguruan egin duen azterketa aurkezteko. Zehazki, hainbat lan hitzarmenen arteko alderaketa egin du LABek, kategoria bereko lanak, maskulinizatuak batzuk eta feminizatuak besteak. Batetik, eraikuntza, metalgintza eta kale garbiketa (sektore maskulinizatuak); bestetik, elikagaigintza merkataritza, helduen egoitzak eta aretoetako garbitzaileak (feminizatuak). Datuek erakusten dute sektore maskulinizatuetako soldatak feminizatuetakoak baino % 90 handiagoak ere izan daitezkeela.

Maddi Isasi LABeko idazkari feministak adibide konkretu batekin azaldu du: "Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko peoiak helduen egoitzetako kategoria bereko langilearen soldata baino % 90,30 gehiago kobratzen du. Beraz, parekoak diren bi lanetan, gizonezkoak emakumezkoaren aldean ia soldata bikoitza dauka". 

Halaber, gizonek batez beste emakumeek baino 6.200 euro gehiago (% 23) irabazten dituzte.

Isasik gaineratu duenez, horrek ez du esan nahi sektore maskulinizatuetako soldatak "oso altuak" direnik, sektore feminizatuetako soldatak "oso-oso baxuak" direla baizik. Beste datu bat ere eman du: beren lan baldintzak lan hitzarmenetik kanpo dituzten lau langiletik hiru emakumezkoak dira.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorraren esanetan, emakumeek egiten dituzten lanak "debaluatuta" daude, "balio gutxiago ematen zaie". Horren salaketaren arabera, sistemaren beharrak asetzeko debaluatu izan da emakumearen lana, doan edo oso merke lan egin dezaten, eta gizarte osoak lortu du onura. Horren aburuz, zor patriarkala zuzentzeko eta ordaintzeko garaia heldu da, "esaterako pentsio arrakalarekin amaituz".

Halaber, soldata arrakalaren nazioarteko egunaren harira, sindikatuak mobilizazioak deitu ditu otsailaren 22an Bilbon (11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Patronalarenera) eta Iruñean (11:30ean, Parlamentuaren aurrean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak Lana albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Sindikatuen azken ordukoa Lansariak