Ekonomia -
bidaiak
EAEko aireportuek pandemia aurreko datuak gainditu dituzte urtarrilean
Bilboko aireportuak 339.841 bidaiari erregistratu ditu 2023ko lehen hilabetean, Donostiakoan 27.736 zenbatu dituzte guztira, eta 18.122 dira Gasteizkoaren kasuan.
i.l.k. | eitb media
Euskadiko aireportuek pandemia aurreko jarduera berreskuratzen ari dira, eta 2019ko hilabete berean erregistratutako datuak gainditu dituzte 2023ko urtarrilean, Aena Espainiako Estatuko aireportuen kudeatzaileak astelehen honetan jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, Bilboko aireportuan, bidaiarien trafikoa % 1,7 hazi da urtarrilean, duela lau urteko aldi bereko datuekin alderatuta; Donostiak, berriz, % 45eko hazkunde globalarekin itxi du hilabetea, eta Gasteizek % 83,2ko igoera izan du.
Hala, aipatutako iturriaren arabera, Loiuko aireportuak 339.841 bidaiari izan ditu urteko lehen hilabetean, hau da, % 1,7ko hazkundea izan du 2019ko urtarrilaren aldean.
Lurreratze eta aireratze mugimenduek 3.100 eragiketa baino gehiago batu dituzte; ondorioz, % 89,9ko susperraldia izan da erreferentziako datarekin alderatuta.
Trafiko motari dagokionez, Espainiako Estatukoa % 9,6 hazi da 2019ko urtarrilaren aldean, 228.615 bidaiariraino. Nazioarteko bidaiarien kasuan, % 88,3 berreskuratu da, guztira 110.199 bidaiari izan baitira.
Hondarribiko aireportuari dagokionez, urtarrilean 27.736 bidaiarik erabili zuten Gipuzkoako azpiegitura. Horrela, bidaiarien trafikoa % 45 hazi da 2019ko hil bereko datuen aldean.
Operazioei dagokienez, urtarrilean lurreratzeko eta aireratzeko 343 mugimendu izan dira, hau da, % 84,3 berreskuratu dira.
Gasteizko aireportuan, bestalde, bidaiarien trafikoa % 83,2 hazi da urte hasieran 2019ko datuekin alderatuta, 18.122 bidaiari izan baititu guztira.
Aireko zamari dagokionez, Arabako terminaleko salgaien trafikoak ere gorantz jarraitzen du. Urteko lehen hilabetean, 5.666 tonara iritsi da, 2019ko hil berean baino % 10,1 gehiago; beraz, azken ekitaldietako goranzko joerari jarraitzen dio, 2022an marka historikoa lortu ondoren.
Eragiketei dagokienez, 2023ko urtarrilean 1.003 lurreratze eta aireratze mugimendu zenbatu dira, 2019ko urtarrilean baino % 29,3 gehiago alegia.