Ekonomia -
EUROPA
Euroguneko ekonomia ez da oraingoz atzeraldian sartuko, Europako Batzordearen arabera
Eurogunerako 2023ko hazkunde aurreikuspenak hobetu ditu Europako Batzordeak. Aurten % 0,9 haziko da, azken aurreikuspenean baino sei hamarren gehiago. Inflazioa, ostera, % 5,6an geldituko da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak euroguneko aurreikuspen ekonomikoak hobetu ditu. Aurten, % 0,9 haziko da, azken aurreikuspenean baino sei hamarren gehiago, eta 2024an, % 1,5. Horrela, oraingoz ez da atzeraldirik izango eurogunean.
Europar Batasuneko herrialdeak aintzat hartuta, hazkunde aurreikuspena % 0,8koa da aurtengorako, eta % 1,6koa, 2024rako.
Gainera, inflazioak behera egingo du, pixkanaka bada ere. Aurtengo urtearen amaieran, % 5,6koa izatea aurreikusten da eurogunean, eta % 6,4koa, Europar Batasunean.
Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak aurkeztu ditu Europako Batzordearen aurreikuspen berriak. Komisarioaren esanetan, oraingoz Europako ekonomiak izkin egin dio atzeraldiari, baina oraindik ere beheranzko arriskua dagoela ohartarazi du.
Europako Batzordeak azpimarratu du hainbat faktorek eragin dutela: energia prezioen beherakada eta kontsumoaren jaitsiera, merkatuaren dibertsifikazioa eta eguraldia ohi baino epelagoa izatea.
Datuak herrialdez herrialde aztertuta, Irlandak izango du hazkunderik handiena (% 4,9), eta Europar Batasuneko batez bestekoa % 0,8koa izango da. Espainia batez bestekoaren gainetik geldituko da (% 1,4), Italia eta Belgika parean (% 0,8), eta Frantzia (% 0,6) eta Alemania (% 0,2), esaterako, azpitik.
Suedia izango da Europar Batasuneko herrialdeen artean atzera egingo duen ekonomia bakarra (% 0,8).