Ekonomia -

Radio Euskadi

LABek salatu du Osakidetzaren egoera "oso kezkagarria" dela eta ez dela Eusko Jaurlaritzaz fio

Arroyok uste du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren "sinesgarritasuna kolokan" dagoela, eta euskal osasun zerbitzuarekiko haserrea "orokorra" dela.

Igor Arroyo LABen koordinatzaile nagusia. Argazkia: EITB
Igor Arroyo LABen koordinatzaile nagusia. Argazkia: EITB
Igor Arroyo LABen koordinatzaile nagusia. Argazkia: EITB

play icon 20:52

AGENtziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igor Arroyo LABen koordinatzaile nagusiak esan du sindikatua ez dela "inola ere" Eusko Jaurlaritzaren borondate onaz fio Osakidetzaren egoera hobetzeko. Sindikatuko ordezkariaren esanetan, euskal osasun zerbitzuaren egoera "oso kezkagarria" da, eta horregatik deitu dituzte manifestazioak otsailaren 25ean osasun publikoa "desegitearen aurka".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, pandemiako "gabeziak" konpontzeko "plan estrategikorik ez" dagoela kritikatu du, eta horren aurrean, "zerbitzuak pribatizatzen" ari direla, "ordezkari sindikalak gutxiesten".

Bere esanetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren "sinesgarritasuna kolokan" dago, eta euskal osasun zerbitzuarekiko haserrea "orokorra" da.

Bestalde, osasun profesionalen esklusibitateaz galdetuta, esan du "neurri ona" dela, osasun beharginei osasun publikoan egindako lana konpentsatzea bilatzen duelako. "Ekonomikoki konpentsatutako esklusibotasuna da bilatzen duguna", azpimarratu du, esklusibotasuna errespetatu gabe osagarria kobratzeak zentzurik ez duela aipatu aurretik.

Zerga erreforma

Bestalde, zerga erreformari dagokionez, azpimarratu du zerga erreformak kapitalen errentan eta sozietateen gaineko zergan jarri beharko lukeela fokua, baina ez du halakorik espero, uste baitu EAJ eta PSE oso "barkaberak" direla patronalarekin.

Horren harira, Arroyok esan du "beharrezkoa" dela zergak "progresiboagoak izatea eta gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea", baina lehentasuna kapital errentetan eta sozietateen zergan jarrita.

"EAJ eta PSE-EE zerga erreformaz hitz egiten ikusten ditugunean, PFEZaz aritu ohi dira, eta hori ere ukitu behar da, baina bereziki kapital errentetara eta sozietateen zergara jo behar da, baina horretan oso barkaberak dira patronalarekin", gaitzetsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza LAB albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Euskal sindikatuak Osasunbidea Zergak gaur