Ekonomia -
pentsioak frantzian
Milioi bat pertsona, 2,5 milioi CGTren arabera, pentsioen erreformaren aurka atera dira Frantzian
Frantziako Gobernuaren arabera, 963.000 pertsona atera dira kalera herrialde osoan, eta CGT sindikatuak, berriz, 2,5 milioi aipatu ditu. Edozein kasutan, orain arteko protestarik jendetsuena izango litzateke.
agentziak | eitb media
Emmanuel Macron presidentearen Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreformaren aurka beste protesta bat egin dute larunbat honetan Parisen, eta 500.000 pertsona inguru atera dira bertan, Langileen Konfederazio Orokorraren (CGT) arabera. Kopuru horri Frantzia osoan zehar izan diren 240 protesta deialdiak gehitu beharko litzaizkioke.
Le Monde eta France Info hedabideek emandako datuen arabera, Frantziako Gobernuak esan du 963.000 pertsona atera direla kalera herrialde osoan, eta CGT sindikatuak, berriz, 2,5 milioi aipatu ditu. Edozein kasutan, orain arteko protestarik jendetsuena izango litzateke.
Baionan, 15.000 eta 20.000 pertsona artean bildu dira laugarren protesta egunean.
Sindikatuek "herritar guztiak" deitu zituzten larunbat honetarako, protestak joan den asteartekoak baino "are masiboagoak" izan zitezen, orduan 757.000 pertsona inguru atera baitziren kalera Frantzia osoan, Barne Ministerioaren arabera, ia bi milioi sindikatuen arabera. Martxoaren 7an "Frantzia geldiaraztea" da aldarrikatutako helburua.
Frantziako Gobernuak erretiro adina pixkanaka igotzea planteatzen jarraitzen du, 64 urtera iritsi arte (egungo 62 urteak baino bi gehiago), eta gehieneko pentsioa eskuratzeko behar den kotizazio aldia handitzea. Testuak zenbait talderen pribilegio espezifikoak ere ezabatzen ditu.
Hala ere, Gobernuak ez du gehiengoa bermatuta erreforma aurrera ateratzeko, espektro politikoaren bi aldeetatik kritikak jaso baititu. Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko (LFI) presidentegai ohiak "zentzuzkoa" izateko eskatu dio Emmanuel Macron herrialdeko presidenteari, eta ez "autoritarioa".