Ekonomia -
Paradisu fiskalak
Paradisu fiskalen zerrenda eguneratu du Ogasun Ministerioak
Zerrenda honetan agertzen diren herriek benetako jarduera ekonomikorik ez duten elkarteak sortzea errazten dute, zerga-ordainketa oso baxua daukate edo ez dute zerga-sistemari buruzko informaziorik trukatzen atzerriko ogasunekin.
EITB Media
Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak paradisu fiskaltzat hartzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda eguneratu du. Gobernuaren iritzian, "zerga-sistema kaltegarriak" edota "kooperatzen ez duten jurisdikzioak" dituzte leku horietan.
Iruzur fiskalaren aurkako borroka eta prebentziorako legea betetzeko eguneratu dute. Arau honi esker, "paradisu fiskal" kontzeptua zabaldu egin da eta nazioartean onartzen den "kooperatzen ez duten jurisdikzioak" kontzeptuarekin bateratu da. Ondorioz, zerrendan agertzeko faktore berriak ere ezarri dira.
Zerrendan agertzen diren herrialde eta lurraldeek honako ezaugarriren bat betetzen dute: onurak bideratzea helburu duten baina benetako jarduera ekonomikorik ez duten elkarteak sortzea errazten dute, zerga-bilketarik ez dute egiten edo oso zerga gutxi biltzen dute eta ez dute zergen inguruko informaziorik trukatzen atzerriko ogasunekin.
Duela 30 urte osatu zen honelako lehen zerrenda, eta 48 herrialdek eta lurraldek osatzen zuten orduan. Urteen poderioz eta informazioa trukatzeko akordioak sinatzen joan diren heinean, sorta hori murrizten joan da.
Ogasun Ministerioak eguneratu eta gaur Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu den azken zerrendan honako herrialde eta lurralde hauek daude:
• Aingira
• Bahrain
• Barbados
• Bermuda
• Birjina uharte britainiarrak
• Birjina uharte estatubatuarrak
• Dominika
• Falklandak edo Malvinak
• Fiji
• Gibraltar
• Guam
• Guernesey
• Jersey
• Kaiman uharteak
• Man uhartea
• Mariana uharteak
• Palau
• Salomon Uharteak
• Samoa
• Samoa Estatubatuarra
• Seychelle uharteak
• Trinidad eta Tobago
• Turk eta Caico uharteak
• Vanuatu