Ekonomia -
Soldatak
Soldatak % 3 eta % 4 artean hazi ziren 2022an Euskadin, prezioen % 5,7ko igoeraren azpitik
Teknologia berriei eta ingeniaritzei lotutako profilek ordainsari-hazkunde handiagoak izan zituzten, nahiz eta teknologien krisiak joera hori aldaraz dezakeen 2023an.
N. B. | EITB MEDIA
Euskadiko soldatak batez beste % 3 eta % 4 artean hazi ziren 2022an, eta prezioak % 5,7 igo ziren, LKS Next aholkularitza-enpresak i3s-ekin lankidetzan egindako Euskadiko Soldata Gidaren datuen arabera. Txostenak 86 lanbide-profiletako azken urteko ordainsari finko gordinei buruzko datuak jasotzen ditu.
Bigarren urtez jarraian, teknologia berriei eta ingeniaritzei lotutako profilek izan dute ordainsari-hazkunderik handiena; hala ere, ikerketak ohartarazten du teknologien krisiak joera hori aldaraz dezakeela 2023an.
Ander Sansinenea LKS Next enpresako Pertsonen Aholkularitzaren arloko zuzendariak eman ditu datuak: "Euskadin soldatei eusten zaie, batez beste % 3 eta % 4 arteko igoerekin, baina bizitzaren kostuaren azpitik, iaz azken hiru hamarkadetako igoerarik handiena izan baitzen, % 5,7ko igoerarekin".
Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako lanpostuen soldatetan egun dagoen ziurgabetasuna nabarmendu du Sansineneak. "Ezin dugu alde batera utzi digitalizazioaren esparruko eskari handiaren ondorioz ordainsari-igoera esanguratsuak izan dituztela, baina alderdi hori alda liteke Estatu Batuetan hasi eta Europan dagoeneko zabaltzen ari diren konpainia teknologiko handien kaleratze masiboen aurrean", erantsi du. Ingeniaritzei lotutako lanpostuak dira "gehien eskatzen diren roletako beste batzuk, kualifikazio handikoak eta soldata-hazkunde etengabekoak", adituaren aburuz.
Kontratazio mailari dagokionez, "soldata paketearen faktoreak parekatzeko joera mantentzen da, baita laneko segurtasuna eta bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko aukerak ere, enplegu bat aukeratzerakoan", azaldu du. Horren hitzetan, "erakundeak ez dira soilik trebakuntza teknikoan eta esperientzia profesionalean zentratzen, gero eta gehiago baloratzen dira pertsonaren motibazioa eta haren trebetasun pertsonalak".