Ekonomia -
Denda txikiak
Saltoki txikien mehatxu eta ahuleziak, indargune eta aukeren aurrean: zer nagusituko da?
Denda txikien salmentak % 2,9 handitu dira 2022an, aurreko urtekoen aldean. Gainera, txikizkako merkataritza sektorean enplegua % 1,7 hazi da Euskadi osoan.
N. B. | EITB MEDIA
Euskadik txikizkako saltokien herena galdu du azken hamarkadan. Auzoko dendak ixtearen ondorioz, lokal hutsak ugaritzen ari dira, eta horrek murriztu egiten du lehen gora egiten ari zen eremuetako merkataritza-erakargarritasuna. 'Salgai', 'alokatzen da' edo 'likidazioa, ixteagatik' kartelak sarri ikusten dira erakusleihoetan, hainbat lokal pertsianak jaitsita ikusteaz gain. Belaunaldien arteko errelebo faltak, digitalizatzeko zailtasunak eta bezeroak galtzeak, besteak beste, eragiten dituzte horrelakoak.
Hala ere, txikizkako merkataritzaren salmentak % 2,9 hazi ziren 2022an, aurreko urtekoen aldean; izan ere, elikagaien % 0,4ko jaitsiera gainerako produktuen % 5,2ko gorakadak konpentsatu zuen. Automobilgintzako erregaien sektorean % 7,1eko igoera izan zen. Datu horiek lurraldez lurralde aztertuta, txikizkako merkataritzaren salmentak % 3,7 handitu ziren Gipuzkoan eta % 3,2 Bizkaian, baina % 0,1 txikitu ziren Araban.
Gainera, txikizkako merkataritzaren sektoreko enplegu maila oso garrantzitsua da oraindik. 2021eko datuekin alderatuta, % 1,7 egin du gora da Euskadi osoan, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) gaur zabaldutako datuen arabera.
eitb.eus-ek sektorearen ahuleziak eta mehatxuak aztertu ditu Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko merkataritza-ganberekin, baita denda txikiek dituzten indarguneak eta aukerak ere:
Sektorearen ahuleziak
EAEko txikizkako merkataritza-sektorea kudeatzen duten pertsonen batez besteko adin altuak negozioaren egokitzapena edo bilakaera zailtzen du, alde teknologikoagatik edo oso urrun ez dagoen erretiro baten aurrean interesik ez izateagatik. Batez besteko adina 50 urtekoa da. Euskal merkataritza-establezimenduen % 70 inguru 45 urtetik gorako pertsonek kudeatzen dituzte.
Kasu askotan, ez dago urteko kudeaketa-planik, lortu beharreko helburuak zehazten dituenik. Horren ondorioz, askotan, merkataritzak ezin du kudeaketa profesionalizatu bat eraman.
Soldaten, energiaren, logistikaren eta lehengaien igoerek nabarmen jaitsi dute salmenten gaineko marjina, igoera horien % 100 azken prezioetara aldatu ez duten saltokien kasuan.
Denda askok ez dute baliabide nahikorik instalazioak berritzeko, digitalizatzeko edo marketin-kanpainei aurre egiteko behar den inbertsioari aurre egiteko.
Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren datuen arabera, Euskadin, txikizkako saltokien % 14,5ek bakarrik saltzen dute online, % 33k ez dute kudeaketa-softwarerik, % 30ek bakarrik onartzen dute telefonia mugikorra erabiliz ordaintzea, eta % 15,5ek, bizum bidez egitea.
Egunez egun sortzen ari diren aldaketekiko erreakziorik eta egokitzapenik eza, etorkizun hurbilean edo ertainean, kontsumitzaileen galera dakar.
Era berean, ordutegiari, atseden-egunei, soldatari eta errekonozimendu sozialari dagokienez, sektorearen lan-baldintzek bertan lan egitea oso erakargarria ez izatea eragiten dute.
Mehatxuak
Dendak ixtearen ondorioz, lokal hutsak ugaritzen ari dira. Gainera, populazio-mugimenduek, gero eta nagusiagoa den biztanleria zahartuak, jaiotza-tasaren beherakadak eta, ondorioz, biztanleriaren murrizketak aldaketak eragiten dituzte kontsumoan eta kontsumitzeko moduan.
Euskal kontsumitzaileak beren erosketa-saskia berrantolatzen ari dira. Familiak merkataritzan egiten duen gastua murriztu egin da, eta aisialdian, ostalaritzan eta turismoan egiten den gastua, berriz, handitu.
Biztanleriaren teknologizazioaren hazkundeak pisu handia du. 15 urtetik gorako biztanleen % 86k baino gehiagok erabiltzen dute Internet, % 92k WhatsApp erabiltzen dute eta % 53,2k sarean erosi dute azken hiru hilabeteetan.
Indarguneak
Hala ere, merkataritza txikia saiatzen da mehatxu horiek gainditzen eta sektorearen ahuleziei aurre egiten, bere indarguneei balioa emanez. Batetik, bezeroaren konfiantza dago, funtsezkoa baita enpresa-estrategia bat eratzeko. Euskal kontsumitzaileen % 89ren esanetan, "konfiantza handia edo oso handia" dutela txikizkako merkataritzan. Alde horretatik, tratu pertsonalizatuak eta hurbiltasun fisikoak solaskidea hobeto ezagutzea ahalbidetzen die, haren gustuetara eta lehentasunetara egokitzeko. "Bezeroa erdigunean jartzeak zenbaki bat baino zerbait gehiago izateko aukera ematen dio dendariari", Olaia Arrieta Arabako Merkataritza Ganberako ordezkariaren ustez.
Bestalde, gentrifikazio-prozesuen ondorioz, tokiko merkataritzaren ordez kate multinazionalak sortzen ari dira. Prozesu honetan, betiko dendak ez dira hain erakargarriak turista eta bisitari berrientzat. Okindegi, taberna eta janari-denda bat zuten merkatari askok itxi egin behar izan dute, ekintzaile, aberats eta abangoardista berriei lekukoa uzteko.
Gainera, hiri-segurtasuna eta -oreka lortzen laguntzen dute, merkataritza-ardatzak sortuz eta hiria egituratzen parte hartuz.
Aukerak
Ez dira ahaztu behar sektoreak sortzen dituen aukerak: ingurumen-iraunkortasuna bermatu eta tokiko produktuak eskaintzea; mezularitza-aplikazioak erabiltzea, WhatsApp esaterako, bezeroekin zuzenean komunikatzeko bitarteko gisa eta salmenta-kanal potentzial gisa; bereiztea, lehia-abantaila giltzarri gisa egungo merkataritza-ingurunean bizirauteko; eta zerbitizazioa, produktu bati edo bezeroari berari lotutako zerbitzuak eskaintzeko enpresa-estrategia gisa ulertuta.
Kontsumo arduratsuaren garrantzia
Gero eta enpresa gehiagok aldatzen dituzte protokoloak, kontsumitzaile berri horiek erakartzeko eta garapen iraunkorreko helburuekin bat egiteko. Ekintza horiek kontsumitzaileei jakinarazi behar zaizkie, merkataritzaren balioen eta konpromisoaren berri izan dezaten, produktuen eta ezarritako neurri jasangarrien informazio zehatza barne, gardentasunez eta zintzotasunez.