Ekonomia -
Greba Ipar Euskal Herrian
Pentsioen erreforma bertan behera uzteko eskatu diote Macroni, eztabaida parlamentarioa hasi berritan
Baionan, 12.000 lagun atera dira kalera, sindikatuek aho batez deituta. Deitzaileek beste manifestazio batera deitu dute larunbaterako.
M. D. | Agentziak | EITB Media
Martxa jendetsuak egin dira berriro, aurreko bi egunetan baino jarraipen txikiagoarekin, Emmanuel Macroni pentsioen erreforma bertan behera uzteko eskatzeko, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako greba partzialen beste egun batean.
Baionan, 12.000 lagun atera dira kalera, sindikatuek aho batez deituta. Manifestariak 7.000 izan dira Poliziaren arabera. Gainera, deitzaileek beste manifestazio batera deitu dute larunbat honetarako, otsailaren 11rako. Orain arteko martxarik jendetsuena izatea aurreikusten da.
Lanuzteek ez dute aurreko bi asteetan bezainbesteko jarraipenik izan; adibidez, garraioaren sektorean edo hezkuntzan, irakasle gutxiagok egin baitute greba. Hala ere, jarraipena zabala izan da, eta lau findegitatik hirutan ez dute lanik egin.
Deitzaileen helburua, sektore sindikal osoarena, ekonomia gelditzea da, eztabaida parlamentarioa geldiarazteko. Presidentearen testua Asanblea Nazionalean eztabaidatzen hasi berri da, bilera tirabiratsuetan.
Aurreko bi mobilizazioetan bezala, sindikatuak izan dira manifestazioen buru. CFDTk, Frantziako nagusiak, eta Lanaren Konfederazio Orokorrak (CGT), bigarrena garrantzian, Macroni eta bere gobernuari "gor" egotea leporatu diete, iritzi publikoaren oposizioaren aurrean.
Asanbladan erreformaren tramitazioa oztopatzen saiatzen ari dira ezkerreko alderdietako buruzagiak, zuzenketen bitartez. Horiek Parisko protestan izan dira. Nupes koalizio aurrerakoiaren (Alderdi Sozialistak, Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoak, EELVko ekologistek eta Alderdi Komunistak osatua) bozeramaileek berretsi dute erreformak ez duela herritarren babesa.
"Biztanleriaren % 70 aurka dago, sindikatu eta langile guztiak aurka daude", adierazi du Manuel Bompard diputatu eta Frantzia Intsumisoko koordinatzaileak.