Ekonomia -

EGOERA EKONOMIKOAREN TXOSTENA

Gipuzkoako enpresek baikor ekin diote aurtengo urteari, eta % 1,5era arteko hazkundea espero dute

Langile falta konpondu eta Europakoak ez diren merkatuetan salmentak handitzeko beharra eta marjinak berreskuratu eta lurralde lehiakorra izaten jarraitzeko beharra dira Gipuzkoako enpresen erronka estrategiko nagusiak.

Industriako langile bat. Artxiboko argazkia: Irekia
Industriako langile bat
Industriako langile bat. Artxiboko argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako enpresek "nolabaiteko baikortasunarekin" ekin diote aurtengo urteari, kudeatzeko zaila baina jarduerari eta emaitzei dagokienez "orokorrean positiboa" izan den 2022. urtearen ondoren. Halaber, Gipuzkoako ekonomia % 1 eta % 1,5 artean haztea aurreikusten da, batez ere, industriaren sektoreak hauspotuta.

Gipuzkoako Bazkundeak 2023ko Egoera Ekonomikoaren Txostena aurkeztu du gaur eguerdian, lurraldeko ehunka enpresak erantzun duten inkesta oinarri hartuta.

Industria alorreko enpresen % 28k negozio zifrak hobetzea espero dute aurten, eta % 54k, berriz, aurreko urteko emaitzak berdintzea. Gainerako sektoreen artean, txikizkako merkataritzak soilik espero ditu 2022an baino emaitza apalagoak: saltokien % 32k espero dute salmenta zifra txikiagoa izatea, eta % 21ek, berriz, handitzea.

Esportazioak konfiantza iturri dira Gipuzkoako ekonomiarentzat. 2022an esportazioek marka historikoa ezarri dute, 10.000 milioi euroko emaitzetara iritsi baitira lehen aldiz. Aurtengoari begira mundu mailan hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak apalagoak diren arren, Gipuzkoako Bazkundeak espero du esportazioek berriz ere markak haustea.

Enpleguari dagokionez, mantentzea edo igoera apala izatea aurreikusten dute Gipuzkoako enpresa gehienek. Enpresen % 84k uste dute mantendu edo handitu egingo dutela, eta gehiago dira lantaldeak handituko dituztela diotenak (% 18) murriztuko dituztela diotenak baino (% 14). Industriak aurreikusten ditu emaitzarik onenak, eta merkataritza da enplegua murriztuko dela iragartzen duen sektore bakarra.

Bestalde, Gipuzkoako enpresen erronka estrategiko nagusiak hauek dira: langile falta konpondu eta Europakoak ez diren merkatuetan salmentak handitzeko beharra eta marjinak berreskuratu eta lurralde lehiakorra izaten jarraitzeko beharra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Gaurko albisteak Gipuzkoa Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Enpresak Industria albisteak