Ekonomia -
Azpiegiturak
Kantabriako eta Asturiasko tuneletan sartzen ez diren trenak ekoiztea eskatu zion Renfek CAFi
Akatsa CAFek berak atzeman zuen. Orain, tren berrien ekoizpenak bizpahiru urteko atzerapena izango du, proiektu osoa berriz egokitu arte.
AGENTZIAK | EITB Media
Adifek egindako akats baten ondorioz, Renfek Kantabriako eta Asturiasko tuneletan sartzen ez diren trenak eraikitzea eskatu zion CAF gipuzkoar enpresari. Horrenbestez, Renferentzako tren berrien ekoizpenak bizpahiru urteko atzerapena izango du, korapilo osoa konpondu arte.
2019ko urtarrilean, 31 tren erosteko kontratuaren baldintzak publikatu zituen Renfek, Adifek emandako galibo datuak oinarri hartuta, eta 2020ko ekainean, CAFi esleitu zion.
Ekoizpenari ekin baino lehen, baina, Beasaingo konpainia ohartu zen tren horien neurriak ez zirela sartzen trenbidearen hainbat tuneletan. Horregatik, prozesu osoa gelditu zen. Kontratua 250 milioi eurokoa da.
Testuinguru horretan, Xavier Flores Espainiako Gobernuaren Garraio Ministerioko Azpiegitura idazkariak aitortu egin du "arazoa" izan dutela Kantabriarako eta Asturiaserako eskatutako trenetan, eta adierazi du Renfe lanean ari dela CAFekin "lehenbailehen" konpontzeko.
Horren esanetan, Feveren lineak (lehen, konpainia horrek kudeatzen zituen linea hauek) "oso bereziak" dira, eta bertako tunelak "ohi baino txikiagoak" dira. Horregatik, linea horietarako tren berriek "txikiagoak" izan beharko lukete.
Orain, CAFek enpresa espezializatu bat kontratatuko du, proiektu osoa berregokitzeko.