Ekonomia -
Interes tasak
Interes tasak puntu erdi igo ditu Europako Banku Zentralak, eta beste horrenbeste igoko ditu martxoan
% 3ra arte igo ditu, hain zuzen ere, tasak. Gainera, beste 50 puntu igoko ditu martxoko bileran -tasa % 3,50era helduko da orduan-.
Agentziak | EITB Media
Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak erabaki du interes tasak 50 puntu igotzea, % 3ra. Gordailu tasa, bestalde, % 2,5era iritsiko da, eta mailegu erraztasunarena % 3,25era.
Era berean, EBZk aurreratu du prezioen igoeragatik izandako presioaren aurrean, beste 50 puntu igoko dituela interes tasak martxoan egingo duten bileran; ondorioz, % 3,50ean kokatuko da.
Gaurko igoera honekin 2008ko amaieratik gaur arte izan duen maila gorenean kokatu da diruaren prezioa, azkenaldiko etengabeko hazkundeak lagunduta. Gainera, EBZk egindako mugimenduek agerian utzi dute epe laburrean, behintzat, ez dela joera aldaketarik egongo; izan ere, abenduan 50 puntu igo zituen, eta urriko eta iraileko bileretan, 75na. Halaber, 2022ko uztailean % 0,5 egin zuten gora interes tasek.
Bestalde, urtarrilean, aurreko bi hilabeteetan bezala, urtetik urterako inflazio tasa baretu egin dela iragarri zuten atzo, asteazkenarekin. Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federaleko (Fed) Merkatu Irekiko Batzorde Federalak (FOMC, ingelesezko siglak), bere aldetik, aho batez erabaki zuen interes tasak 0,25 puntu igotzea, % 4,50 eta % 4,75 arteko maila objektiboan uzteraino.