Ekonomia -

Erregaiak

Europak betoa ezarri dio errusiar dieselari: Igoko al da erregaiaren prezioa gasolindegietan?

Erregaiena bezalako merkatu aldakor baten ziurgabetasuna datozen hilabeteetan nabarituko da, eitb.eus-ek kontsultatutako adituen arabera.

Gasolina-banatzailea. Argazkia: Pexels.
Gasolina-banatzailea
Diesela igoaraziko al du Errusiako dieselari ezarritako betoak?

0:50

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan sartuko da indarrean Errusiako petrolio-produktuak Europara inportatzeko erabateko debekua. Kremlini ezarritako azken zigorra da, eta, eitb.eus-ek kontsultatutako adituen arabera, albo ondorioak izango ditu epe laburrera, gasolindegietan gasolioa hornitzerakoan.

Massimo Cermelli Deusto Business Schooleko irakaslearen esanetan, datozen hilabeteetan eskaintza murriztuko da, eta, horrekin batera, Errusiak diesel hornidura eten egingo du.

Cermellik azaldu duenez, Txina bat-batean berraktibatzea albiste txarra da Europarentzat, hemendik aurrera lehia handiagoa izango baitu energiaz hornitzeko. Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, Txinak aurten munduko merkatuan sartuko den gas likidotuaren bolumen gehigarriaren % 80 har dezake. Horren guztiaren ondorioz, dieselaren prezioa igo egingo da, adituaren hitzetan.

Igoera horrek sektore guztiei eragingo die, Ines Cardenal Petrolio Produktuen Operadoreen Espainiako Elkarteko Komunikazio eta Lege Gaietako zuzendariak esan digunez, Europa, neurri handi batean, Errusiaren mende dagoelako diesela hornitzeko; izan ere, zigorrak gorabehera, 2022an erregai horren inportazioen % 44 baino gehiago Errusiatik etorri ziren.

Hornikuntza arazo larri hori konpontzeko eta errusiar dieselarekiko mendekotasun handia gainditzeko, Europar Batasuneko herrialdeek beste merkatu batzuetara jo behar dute orain, hala nola Ameriketako Estatu Batuetara, Ekialde Ertainera edota Indiara.

Erregaiek gora egin dute

Dagoeneko, hain aldakorra den merkatu baten ziurgabetasuna hasi da nabaritzen erregaien prezioetan. Gasolina eta gasolioa % 20 eta % 16,7 igo dira urtarrilean, hurrenez hurren, eta % 1,5 eta % 1 garestitu dira astebetean.

95 oktanoko gasolina litroak, batez beste, 1,66 euro balio zuen aurreko astean; gasolioarenak, berriz, 1,7. Hala ere, bi erregaiak urrun daude 2022ko ekainean erregistratu zituzten maximo historikoetatik (litroko 1,94 eta 1,9 euro, hurrenez hurren).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Erregaiak