Ekonomia -
ABIADURA HANDIKO TRENA
Espainiako Gobernuak behin betiko onartu du AHTren Bilboko sarrera eta Abandoko geltokiaren proiektua
Abiadura Handiko Trena Lapatza (Basauri) parean egingo den tunel batetik barrena iritsiko da Abandoko lurpeko geltoki berrira.
EITB MEDIA
Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak behin betiko onarpena eman dio Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Bilboko sarbideari eta Abandoko lurpeko geltoki berriari dagokion azterketa informatiboari. Abiadura Handiko Trena Lapatza (Basauri) parean egingo den tunel batetik barrena iritsiko da Abandoko lurpeko geltoki berrira, Espainiako Gobernuak aukera horren alde egin baitu.
Gaur Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako azterlanak Bilborako sarrera nolakoa izango den zehaztu du. Tunela Lapatza inguruan hasi eta Zabalburuko egungo geralekuraino iritsiko da. Handik, pantaila artean sartuko da Abandoko geltokira.
Iazko otsailean EAEko erakunde nagusiek eta Espainiako Gobernuak akordioa sinatu zuten Abiadura Handiko Trena Bilbora lurpetik sartzeko eta Abandoko geltokia lurperatzeko.
Abiadura Handiko Trenaren iritsierak inguruaren eraldaketa ahalbidetuko du. Besteak beste, 38.000 metro karratu berri sortuko dira erabilera publikorako eta beste 28.000 metro karratu etxebizitzak egiteko eta jarduera ekonomikoetarako, eta San Frantzisko eta Bilbo Zaharra hiriaren erdigunearekin lotuko ditu, orain trenbide guneak banatzen baititu.
AHTa Bilbon lurperatzeko protokoloaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du proiektuaren obra zibila. Horrela, finantzazioa aurreratu eta lanen zati bat gauzatuko du, baina ondoren Espainiako Gobernuak dirua itzuliko dio Kupoaren bidez, AHT sarea Estatuaren azpiegitura bat delako.