Ekonomia -
EITB DATA
Zeintzuk dira ordaintzen ditugun zergak?
EITB DATAk euskal administrazioen zerga-sistema ezagutu nahi izan du. Zergen 10 eurotik 7 BEZetik eta PFEZetik lortzen dira.
Mikel Dominguez | EITB Media
Sozietate baten zerga-sistema zergek, tasek eta ordaintzen diren kotizazioek osatzen dute, bakoitza arrazoi ezberdin batengatik. EITB DATAk sistema hau ezagutu nahi izan du, euskal eta espainiar administrazioen artean banatzen dena.
Besteak beste, lanaren errenta, herritar bakoitzaren aberastasuna eta administrazio-izapideak zergapeturik daude. Zergak zuzenekoak edo zeharkakoak izan daitezke.
Zuzeneko zergek pertsonen eta enpresen diru-sarrerak zergapetzen dituzte. Horren adibide dira lan-errentagatik urtero ordaintzen dugun PFEZa; sozietateen gaineko zerga, enpresen errendimenduari aplikatzen zaiona, eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga, jarduera profesionalak egiteagatik ordaintzen dena.
Zuzeneko zergak ere ordaintzen dira ondasunak edukitzeagatik (ondarearen gaineko zerga) edo beste pertsona bati eskualdatzeagatik (oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergak). Kontuan hartu behar dira, halaber, tokiko beste zerga batzuk, hala nola ondasun higiezinen gainekoak, edo gainbalioak, udalek biltzen dituzten hiri-lurren balioaren gainekoak.
Garrantzitsua: zerga horietarako, zergadunaren ordainketa-ahalmena hartzen da kontuan. Hau da, nominan gehien irabazten duenak edo aberastasun gehien duenak gehiago ordainduko du.
Hain zuzen ere, zeharkako zergak zuzenekoetatik bereizten dira, ez daudelako pertsona bakoitzaren aberastasunaren mende. Kontsumoko edo zerbitzuko ondasun bat erostea (BEZ), ibilgailu bat edukitzea (TMIZ) edo NANa berritzea bezalako administrazio-kudeaketa bat egitea zergapetzen dute. Talde horretan daude, halaber, zerga bereziak, hala nola argindarrari edo hidrokarburoei dagozkienak, eta baita zaborrarena edo ur-partzuergoarena ere.
Jende guztiak ordaintzen ditu zerga berdinak argiaren fakturan edo supermerkatu batean erosten duenean. Hori da zeharkako zergen kalkulua.
Zergez gain, soldataren gaineko kuotak ere badaude, hau da, Gizarte Segurantzako kotizazioak, langabezia-prestazioak edo pentsioak finantzatzeko balio dutenak.
Zerga bidez bildutako guztia 100 euro badira
Zergei erreparatzen badiegu, Gizarte Segurantzaren kuota aparte utzita, zenbat diru jartzen dugu zerga bakoitzean?
Ogasunerako diru-sarrera handienak BEZetik datoz, hau da, ondasunen eta zerbitzuen erosketa zergapetzen duen zergatik: 100 eurotik 37. Erosten dugun gauza bakoitzean, zergen zati bat ordaintzen dugu. Ohikoena % 21ekoa da, nahiz eta oinarrizko produktuak oso merkeak izan, eta luxuzko produktuetarako ere % 28ko bat dago.
Zerga guztien beste zati handi bat (100 eurotik 35) PFEZari dagokio, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari. Diru horren zatirik handiena lanaren eta jarduera profesionalen bidez lortutako diru-sarreretatik dator, nahiz eta PFEZk kapital higiezinaren etekinak ere barne hartzen dituen, hala nola alokairu bat kobratzea.
100 eurotik 8 zerga bereziak dira (alkoholaren, argindarraren edo hidrokarburoen gaineko zergak), eta beste 8 euro udal-zergei dagozkie, gure etxeetara ura eramaten edo gure herrietako ura mantentzen laguntzen dutenak.
6 euro baino ez dira biltzen sozietateen gaineko zergaren bidez, eta, are gutxiago, 100 eurotik 5, herentzia baten kasuan aplikatzen diren zergei dagozkie, edo aberastasunari.