Ekonomia -
Lan istripua
32 urteko behargin bat hil da Donostiako obra batean izandako lan istripuan
Telekomunikazio-instalazio bat egiten ari zen. Suhiltzaileek hildakoaren gorpua erreskatatu dute. ELAk ohar batean gogorarazi duenez, jada bost behargin hil dira 2023an lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian. Gainera, Gipuzkoan bigarrena da dagoeneko.
Agentziak | EITB Media
Gizon bat hil da Donostian, lanean ari zela eraikin batetik erorita. Zehazki, Donostiako Prim kaleko eraikin bateko barruko patio batean erorita hil da 32 urteko gizona, telekomunikazio-instalazio bat egiten ari zenean.
Oraingoz, ez dakite zergatik erori den langilea eraikinaren patiora, altuera handi batetik.
Suhiltzaileek hildakoaren gorpua erreskatatu dute.
ELAk ohar batean gogorarazi duenez, jada bost behargin hil dira 2023an lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian. Gainera, Gipuzkoan bigarrena da dagoeneko.
Sindikatu abertzaleak salatu duenez, "eraikuntza sektoreak pairatzen dituen lan-baldintza kaskarrak, non azpikontratazioak eta epe estuek, sektoreko hitzarmena eta prebentzio araudia ez betetzea eragiten duten".
ELAren ahotan, "laneko heriotzak ez dira fenomeno naturalak, etekin ekonomikoak langileen lan eta bizi baldintzen aurretik jartzearen ondorio baizik".
Zentzu horretan, "enpresaburuek prekarietatea bultzatzen dute irabaziak handitzeko, langileak segurtasun neurri egokirik gabe aritzera behartuz, eta hori kontrolatu beharko luketen erakunde publikoak beste aldera begira dauden bitartean", kritikatu du.
"Bada garaia enpresen urraketak behar bezala kontrolatzeko, eta horretarako, beharrezkoa da kolapsatuta dauden Osalan eta lan-ikuskaritzen plantillak bikoiztea, Europako bataz bestekora berdinduz", eskatu du.
LAB sindikatuaren arabera, azpikontrata bateko langilea zen, baina CCOOk dio autonomoa zela.
Sindikatu abertzaleak ohar batean adierazi duenez, Telefonica bezalako enpresen "azpikontratazio masiboko politika kriminal" baten ondorioa da istripua, "irabazi izugarriak metatzen baitituzte langileen erabateko prekarietatearen kontura".
LABek ikerketa "serioa" eskatu du, "arduradunek ordain dezaten".
Bestalde, CCOOk adierazi du hildakoa autonomoa zela eta telefono-linearen kableak aldatzen ari zela erori denean.
Sindikatu horrek protesta egingo du ostegunean istripuaren lekuaren ondoan, eta Osalani eta Lan-ikuskaritzari eskatu die ikerketak "zehatzak izan daitezela, arreta berezia jarriz langile hori, autonomo gisa egon arren, beste enpresa baten agindupean eta haren kontura lanean ari ote den".