Ekonomia -
GUTXIENEKO SOLDATA
Yolanda Diaz UGTrekin eta CCOOrekin elkartuko da arratsaldean lanbide arteko gutxieneko soldata negoziatzeko
Goizean Lan Ministeriok eta bi sindikatuek egin duten bilera akordiorik gabe amaitu da. CEOE patronalak bigarren aldiz planto egin dio Espainiako Gobernuari eta ez da bilerara joan.
EITB MEDIA
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministro ere badena arratsaldean batzartuko da Pepe Alvarez eta Unai Sordo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiekin lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera negoziatzeko.
Sindikatuetako iturriek adierazi dutenez, Joaquin Perez Rey Enpleguko estatu idazkariak eta bi sindikatuetako talde teknikoek gaur goizean egin duten bilera akordiorik gabe amaitu da. CEOE patronala ez da bilerara joan.
Atzo iluntzean jakinarazi zuen CEOEk ez zela bilerara joango, "baldintzak ez direlako betetzen". Patronalaren hitzetan, urtarrileko aldagai ekonomikoak eragile sozialekin alderatzeko eskatu zion Gobernuari, eta hori ez da bete, eta bestetik, enpresariek mahai gainean jarritako proposamenak —lanbide arteko gutxieneko soldata % 4 igotzea, 1.040 euro arte— ez du "erantzun formal bat" jaso.
Orain arte, bilera bakarra egin da 2023ko gutxieneko soldataren inguruan hitz egiteko, joan den abenduaren 21ean. Orduko hartan ere, enpresarien ordezkariek parte ez hartzea erabaki zuen, Enpleguaren Legeari Gobernuak gehitu zion emendakin batekin haserre zeudelako.
Zer igoera proposatzen du kide bakoitzak?
Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak behin eta berriz esan du lanbide arteko gutxieneko soldata dela krisiari aurreko egiteko eta galdutako erosahalmena berreskuratzeko "tresna eraginkorrena". 2023an gutxieneko soldata % 8,2 igotzea proposatzen du, 1.082 euroko soldata gordina izateraino, 14 saritan. Gobernukide duen Nadia Calviño Gai Ekonomikoetarako ministroak, aldiz, adituek proposatuko igoera tartean —% 4,4 eta % 8,2— oreka bilatu behar dela irizten dio, "enplegu sorrerarekin bat eginez".
Joan den hileko bileran, gaia lantzeko osatu duten adituen batzordeak egindako txostena aurkeztu zuen Gobernuak. Proposamen horretan, gutxieneko soldata 46 eta 82 euro artean igotzea aholkatzen dute adituek; 1.046 eta 1.082 euro arteko 14 ordainsari.
CCOOk eta UGTk, aldiz, adituek mahai gainean jarritako proposameneko goiko langan jarri dute muga, eta hori 1.100 euroraino igotzea ez dute baztertzen.
Azkenik, patronala lanbide arteko gutxieneko soldata % 4 igotzeko prest agertu da, 1.040 euro arte.
Oraingoz, Espainiako Gobernuak 2022ko lanbide arteko gutxieneko soldata —1.000 euro, 14 pagatan— ezarri du urte honetarako, harik eta kopuru berria adostu arte. Gutxieneko soldata Espainiako batez besteko soldataren % 60 izatea da Diazek legealdi honetan hartutako "konpromisoa".