Ekonomia -
Araba
EH Bilduk salatu du 70 milioi euroko gainkostua izan duela Aldundiak Arabako bi adinekoen egoitzatan
Lakuako eta Zadorrako zentroei egiten die erreferentzia, eta gaineratzen du diru horrekin gaitasun bereko beste bi erresidentzia ireki daitezkeela.
Agentziak | eitb media
Lakuako eta Zadorrako adinekoen egoitzetako kontratuak "diru publikoarentzat kaltegarriak" direla salatuko du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusien kontrolerako saioan, asteazkenean.
Koalizio subiranistak azaldu duenez, prentsan agertutako informazio batzuetan oinarritu dira Aldundiaren gobernuari kontuak eskatzeko. Luis Salgado EH Bilduren batzarkideak aipatu erresidentzien eraikuntzan eta mantenuan izandako gainkostua salatu du. Aldundiak 2009an eta 2010ean esleitu zizkien kontratuak bi enpresari, 40 urteko eperako.
Salgadoren esanetan, gainkostua 70 milioi euro ingurukoa da, eta diru horrekin Aldundiak gaitasun bereko beste bi erresidentzia jar zitzakeen martxan.
"Aldundiak kanon geroz eta handiagoa ordaindu du 40 urtez zentro horiengatik, eta 31 milioi euro ordaindu ditu hamarkada batean, EAJk eredu horrek faktura urtean soilik 1.800 euro garestituko zuela hitzeman bazuen ere", azaldu du.
EH Bilduk erresidentzien kontratuak itzultzeko klausulak erabiltzea eskatuko du Batzar Nagusietan, zentroak Aldundiaren jabetzakoak izan daitezen esklusiban.