Ekonomia -

Langabezia datuak

Nafarroan % 1,8 igo da enplegu tasa 2022an, eta EAEn % 0,8 jaitsi da

Euskal Autonomia Erkidegoan 1.900 pertsona gehiago (% 2,13) zeuden lanik gabe urte amaieran. % 8,66ko langabezia tasa zuen, horrenbestez, EAEk 2022 bukaeran.

Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE
Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE
Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 2022 hasieran baino 7.700 pertsona gutxiago (% 0,80) zeuden lanean urte bukaeran; guztira 949.300. Langabeziak, berriz, % 2,13 egin zuen gora (1.900 pertsona). Horrela, % 8,66an kokatu zen langabezia tasa -% 8,43koa izan zen 2021ean-.

2022ko laugarren hiruhilekoan egindako Biztanleria Aktiboaren Inkestak -ostegun honetan eman dute argitara- erakusten ditu datuok. Urtebete lehenagoko datuekin alderatuta, 10.400 lanpostu (% 1,09) galdu zituen EAEk urteko azken hiruhilekoan. 

Hala eta guztiz ere, EAE izan da Estatu osotik langabezia tasa txikiena izan duen bigarren erkidegoa.

Lurraldeak kontuan izanda, Arabak % 7,81eko tasa dauka; Bizkaiak % 8,96koa eta Gipuzkoak % 8,57koa.

5.200 pertsona gehiago lanean, Nafarroan

5.200 nafar gehiago zeuden lanean 2022aren itxieran, baita 1.100 langabe gehiago ere. Horrek esan nahi du 293.100 pertsona zeudela jardunean urtea amaitu zenean, eta 32.900 langabezian. Langabezia tasa, hortaz, % 10,09koa zen.

Azken hiruhilekoko datuek erakusten dute Nafarroan % 0,16 hazi zela lanean zeuden pertsonen portzentajea, aurreko hiruhilekoarekin erkatuta, eta % 1,80 egin zuela gora 2021eko hiruhileko berdinarekin alderatuta.

Iturri horiek diote, halaber, 2022ko abenduaren 1ean 156.500 gizonezko eta 136.500 emakumezko zeudela lanean.

Langabezian zeudenen artean, berriz, 16.700 ziren gizonezkoak eta 16.200 emakumezkoak.

Espainiar Estatuan, bestalde, 20,46 milioi lagun zeuden lanean joan den urtearen bukaeran (urte hasieran baino 278.900 gehiago). Laugarren hiruhilekoan, baina, jaitsi egin zen enplegua. Hain zuzen ere, 81.900 lagun gelditu ziren beharrik gabe; 2013tik izandako beherakada handiena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak