Ekonomia -
LE TRAIN eta Talgo
Ribabellosan abiadura handiko trenen flota bat egiteko akordioa sinatu dute
Lehenengo hamar trenak 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira eraikitzen, Talgoren Arabako lantegian. Lehenengo trenak 2025aren hasieran irtengo dira tailerretatik.
EITB Media
LE TRAIN abiadura handiko trenen Frantziako lehen operadore pribatuak, eta Talgok, trenbide-material gurpildunaren diseinatzaile eta fabrikatzaileak, akordio bat sinatu dute gaur Bordelen, etorkizunean abiadura handiko trenen flota bat garatzeko, Frantziako merkatura egokituta eta Avril abiadura handiko plataforman oinarrituta, ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Dagozkion kontratuak sinatu ondoren, lehen hamar trenak 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira eraikitzen, Talgok Rivabellosan (Araba) duen lantegian. Lehenengo trenak 2025aren hasieran irtengo dira euren tailerretatik.
Horrela, 2022ko hasieran Frantziako eta Europako fabrikatzaile nagusiei deitutako lizitazioaren ondoren, eta hainbat hilabetez negoziatzen aritu ondoren, LE TRAINek eta Talgok akordioa itxi dute abiadura handiko trenen flota berri bat garatzeko.
Akordioaren arabera, abiadura oso handiko hamar treneko flota ekoitziko dute, baina gehiago ere izan daitezke, eta Frantzian ekipoak mantentzeaz arduratuko dira, baita Akitania Berrian ikerketa- eta garapen-unitate bateratu bat sortu ere, "etorkizuneko mugikortasun-garraio eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortzeko lan egiteko: trena".
"Gaurko eguna mugarri garrantzitsua da LE TRAINen eta Frantziako tren garraioaren historian", adierazi du Alain Getraud LE TRAINeko zuzendari nagusiak. Bestalde, Carlos Palacio Oriol Talgo Patenteen presidenteak adierazi duenez, "LE TRAINekin, Talgok eskala handiko eta epe luzeko elkartea sinatu du".