Ekonomia -

Lan-istripuak

Lan osasunean atzera egin dela eta lan-istripuek gora egin dutela salatu du LAB sindikatuak

Eman dituzten datuen arabera, 2022an 65 lagun hil ziren Euskal Herrian lanean ari ziren bitartean. Horrez gainera, lanak eragindako gaixotasunen ondorioz gertatu ziren heriotzak 276 izan zirela kalkulatu dute.

Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte lan istripuen txostena aurkezten. Iturria: LAB sindikatua.
Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte lan istripuen txostena aurkezten. Iturria: LAB sindikatua.
Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte lan istripuen txostena aurkezten. Iturria: LAB sindikatua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak Lan-istripuei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du gaur. Agerraldian lan-osasunean atzera egin dela eta lan-istripuek gora egin dutela salatu du sindikatuak. Egoera honek bizi-baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena duela adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.

Txostenean aipatzen duten lehendabiziko ondorioa lan-istripuei dagokiena da. Sindikatuaren aburuz, istripuek gora egin dute eta, ondorioz, hildako langileen kopuruak ere gora egin du 2022. urtean. Egin dituzten kalkuluen arabera, orotara, (istripu hilgarriak, larriak, arinak eta bajarik sortu ez zutenak kontutan hartuta) 85.000 lan-istripu inguru izan ziren Hego Euskal Herrian.

Istripu hilgarriei helduta, txostenean zehaztu dituzten datuen arabera, Euskal Herrian 65 pertsona hil ziren iaz lanean ari zirela, eta beste lau atzerrian lanean ari zirenean hil ziren. Sindikatuak aipatu duenez, 2014tik gorakada nabarmena izan dute istripu hilgarriek: 39tik 69ra, hain zuzen ere.  

Datuak sektoreka aztertuta, basogintza da sektore hilgarriena LABen iritzian. Hego Euskal Herrian altan emanda zeuden 1.000 langiletik 4 hil ziren 2022an, txostenak argitzen duenez. Jardun hori sailkapenean bigarren lekuan agertzen den eraikuntza arloa baino "15 bider hilgarriagoa" dela adierazi dute. Industria eta garraioa ere hartzen ditu sindikatuak sektore kritikotzat.

Lanak eragindako gaixotasunen datuei dagokienean, sindikatuak salatu du patronalak eta mutualitateek iruzurra egiten dutela gaixotasun hauek gizarte segurantzara bideratzen dituztenean. Mutualitateek beren tratamendu eta prestazio ardurei bizkar ematen dietela gehitu du.

LABek txostenean ematen dituen datuen arabera, lanean gaixotutakoen kopurua 4.284koa izan zen Hego Euskal Herrian; 2.965 EAEn eta 1.319 Nafarroan. Gaixotasun horien ondorioz hildakoak, berriz, 276 inguru izan zirela kalkulatu du LABek.

Datu hauek ikusita, "lan osasun eskubidea egunero urratzen" dela irizten du Garbiñe Aranburuk. Ezinbestekotzat jo du lan-istripuak zergatik gertatzen diren aztertzea eta laneko gaixotasunen arrazoietan arreta jartzea. Prekaritatea mugatu eta prebentzio arloan inbertsioak egitearen premia ere aipatu du LABeko koordinatzaile orokorrak.

Bere hitzetan, lehentasuna izan beharko litzateke "lan-osasun galera horiek ekiditea" eta, gaur gaurkoz, "langileon bizitzak irabaziek baino balio txikiagoa" duela enpresarientzat gehitu du.

Honen aurrean, "prekarietatea borrokatu eta heriotzak nahiz gaixotasunak aztertzen" jarraituko duela sindikatuak adierazi du eta neurri eraginkorrak eskatzeko ekintza sindikala areagotzeko asmoa adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak LAB Lana albisteak Gaixotasunak albisteak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Sindikatuen azken ordukoa