Ekonomia -
Epaitegiak
Justizia Administrazioko letraduen greba jarraipen ezberdina izaten ari da EAEn eta Nafarroan
Espainiako Estatuko Justizia Administrazioko letraduak (arestian idazkari judizialak zirenak) greba mugagabera daude deituta gaurtik aurrera, soldata igoerak eta negoziazio kolektiborako eskubidea eskatzeko. Soldata igoerak eta negoziazio kolektiborako eskubidea aldarrikatzen dituzte.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Estatuko Justizia Administrazioko letraduak (arestian idazkari judizialak zirenak) greba mugagabera daude deituta gaurtik aurrera, soldata igoerak eta negoziazio kolektiborako eskubidea eskatzeko. Greba jarraipen ezberdina izaten ari da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: % 70ekoa Araban, % 51koa Bizkaian, % 45ekoa Nafarroan eta % 30ekoa Gipuzkoan.
Justizia Administrazioaren Letraduen Batasun Progresistak (UPSJ) zabaldutako datuen arabera, grebaren jarraipea handiagoa izan da epaitegi txikietan, eta, aldiz, gutxiago nabaritu da Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Justizia Jauregietan.
Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioko 210 letradu daude greba egitera deituta (Estatuan 4300 profesional daude deituta): 120 Bizkaian, 60 Gipuzkoan eta 30 Araban.
Lanuztearen ondorioz, dozenaka epaiketa bertan behera gelditu dira. Esther Urrutia Gernikako lehen epaitegiko letraduak Euskadi Irratiari azaldu dionez, profesional horiek gabe ezin da ahozko epaiketarik egin, ezta ebazpenak eman ere (eurek ematen dute erabakien fede). Baina bada gehiago, "espedienteetan ezingo da erabakirik hartu, guk fede ematen ez dugulako; epaileak ezingo du erabakirik jakinarazi eta ezingo dira errekerimenduak bideratu", argitu du.
Soldata igoerak eta negoziazio kolektiborako eskubidea
Espainiako Estatuan hiru elkartek deitu dute greba: Justizia Administrazioko Letraduen Elkargo Nazionala (CNLAJ), Justizia Administrazioaren Letraduen Batasun Progresista (UPSJ) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Elkarte Independentea (AINLAJ). Aspaldikoa da Espainiako Gobernuarekin zabalik duten gatazka, eta iaz ere lanuzteak egin zituzten. Justizia Ministerioak zehaztu duenez, kolektiboak dituen 11 aldarrikapenetatik bakarra dago bete gabe: produktibitate sistema berrikustea eta ibilbide profesionalaren osagarria zehaztea.
Deitzaileek soldata igoera eskatu dute, azken urteotako lege erreformek funtzio berriak eman dizkietela argudiatuta. Justizia Ministerioarentzat, ordea, soldata igoeraren eskakizuna "lekuz kanpo" dago, eta hiru urteotan % 14,76 igoko omen zaie soldata.
Justizia Ministeriotik jakinarazi dutenez, letradu batek, batez beste, 39.011-59.537 euroko urteko soldata du, ordainsari aldakorra kontuan hartu gabe. "Hori guztia kontuan hartuta, profesional horiek maila bereko Estatuko administrazioko funtzionarioek baino % 79-140 gehiago kobratzen dute".
"Greba horrek ez du lan arrazoirik atzean, motibazio politikoa du", esan zuen atzo Tontxu Rodriguez Justiziako Estatu idazkariak eta letraduei herritarrak "gatibu" ez hartzeko eskatu zien.