Ekonomia -
a-15 eta n-1
A-15a eta N-1a erabiltzeagatik kanona ordaintzen hasi dira ibilgailu astunak Gipuzkoan
Ibilgailu astunentzako bidesari berriaren kobrantza indarrean sartuta, deskontu plan berria osorik hedatu dute.
agentziak | eitb media
Gauerditik hasi dira salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunak kanona ordaintzen Gipuzkoa lurraldeko A-15 eta N-1 errepideetan erabiltzeagatik.
Hala, 76 kilometroko ibilbide hori erabiltzen duten kamioiek ordaindu behar dute Aldundiak ezarritako bidesaria. N-1ean ordainketarako sei arku daude Etzegaraten, Ordizian, Tolosan, Andoainen eta Lasarte-Orian; A-15ekoak, Astigarragan eta Belabietan.
Bidesari berria Gipuzkoako gaitasun handiko sare osoan ezarrita daudenei gehitu zaie, N-1 eta A-15 errepideen tarte guztiak barne hartzen dituen Foru Arau berria betez eta 2018 eta 2021 artean indarrean egon zena ordezkatuz. Epaileek baliogabetu egin zuten, diskriminatzailea zela egotzita.
Ibilgailu astunentzako bidesari berriaren kobrantza indarrean sartuta, deskontu plan berria osorik hedatu dute.
Motor eraginkorrak dituzten kamioiek eta garabiek tarifaren % 15etik % 25era bitarteko deskontuak izango dituzte, motorraren tipologiaren arabera. Beherapen horri maiztasunaren araberako deskontua gehituko zaio urrian, % 13rainoko deskontuak aurreikusten baititu.
Fenadismer Espainiako Garrraio Elkarteen Federazio Nazionalak larunbat honetan salatu zuenez, bidesari berriek "igoera izugarria eta neurrigabea" dakarte lurralde horretatik zirkulatzeagatik. Hiru sindikatuaren esanetan, berriz, neurri "zentzugabea" da, eta garraiolariak kaltetzeaz gain, kontsumitzaileengan eragina izango du.