Ekonomia -
lep
2.314 pertsona aurkeztuko dira asteburu honetan Osakidetzak eskainitako 37 postuetako bat eskuratzeko probara
Asteburu honetarako deitutako azterketez gain, hilaren 28an eta 29an izango direnekin amaituko da 2018-2019ko LEPa.
agentziak | eitb media
Guztira, 2.314 oposiziogile daude deituta asteburu honetan Osakidetzak eskaintzen dituen 37 lanpostuetako bat eskuratzeko azterketetara, 2018-2019 LEParen bigarren fasearen baitan. Oposizioak hilaren 28an eta 29an amaituko dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, asteburu honetako bi egunetan Osakidetzaren 2018-2019ko Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) azkenaurreko azterketak egingo dira EHUren Arabako kanpuseko Elurreta Eraikinean.
Larunbat honetan, Klimatizazio Instalazioetako Teknikari eta Antolaketako Goi Mailako Teknikari lanbide kategoriei dagozkien hautaprobak egingo dira, eta igandean LEParen jarduera Administrazio eta Kudeaketako Goi Mailako Teknikariaren proban soilik oinarrituko da.
Guztira 2.314 pertsona daude deituta asteburu honetan eskainitako 37 lanpostuetako bat eskuratzeko. Kategorien arabera, Administrazio eta Kudeaketako Goi Mailako Teknikariarena da ugariena, 1.367 izangaiko deialdia egingo baitu; ondoren, Antolaketako Goi Mailako Teknikariarena, 795 pertsonarekin.
Porba guztiak EHUren Arabako kanpuseko Elurreta Eraikinean egingo dira, goizez. Larunbateko zein igandeko azterketak 09:30ean hasiko dira. Proba horien ondoren, datorren asteburukoak baino ez dira geratuko, hilaren 28 eta 29koak, oposizio horiek amaitutzat emateko.