Ekonomia -
ENERGIA
Europako Batzordeak ohartarazi du "salbuespen iberiarra" ezin dela abendutik harago luzatu
Espainiako Gobernuak urtarrila hasieran iragarri zuen gasari ezarritako gehienezko prezioa 2024ko maiatzera arte luzatzeko eskatuko zuela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak Espainiari eta Portugali jakinarazi die "salbuespen iberiarra" ezin dela 2023ko abendutik aurrera luzatu, orduan amaitzen baita gasaren prezioari ezarritako muga.
Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak jakinarazi zien Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroari eta Duarte Cordeiro Portugalgo Ingurumen eta Ekintza Klimatikorako ministroari asteazken honetan egindako bileran, iturri diplomatikoek baieztatu dutenez.
Espainiako Gobernuak urtarrilaren hasieran aurreratu zuen Europako Batzordeari eskatuko ziola "salbuespen iberiarra" gutxienez 2024ko amaierara arte luzatzeko. Hala ere, aipaturiko iturrien arabera, Espainiak eta Portugalek onartu egin dute erabakia.
"Salbuespen iberiarra" deitzen zaio elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasaren prezioa mugatzen duen mekanismoari.