Ekonomia -

PENTSIOEN ERREFORMA

Urtarrilaren 31rako beste greba bat deitu dute Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, pentsioen erreformaren aurka

Atzoko mobilizazioek izandako erantzunaren ondotik, sindikatuek borrokan jarraitzeko deia egin diete herritarrei. Bien bitartean, Macronek erreformari eusteko asmoa berretsi zuen, atzo, berriro. Besteak beste, erretreta hartzeko adina atzeratu nahi dU, 64tik 67ra. 

Baiona, atzo
Baiona, atzo
Baiona, atzo

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak mahai gainean jarri duen pentsioen erreformaren kontrako lehen protesta egun handia izan zuten atzo Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantziar osoan. Sindikatu guztiak batu ziren, greba eta manifestazioak deitzeko, eta mobilizazio egunak jarraipen historikoa izan zuen. Antolatzaileen arabera, Baionako manifestazioan 10.000 pertsona baino gehiago bildu ziren, eta Pariskoan, 400.000 baino gehiago. Halaber, Estatu osoko garraio zerbitzuetan eta eskola publikoetan jarraipen zabala izan zuen lanuzteak. Hala, deialdiak izandako erantzuna ikusita, beste mobilizazio egun bat iragarri zuten sindikatuek urtarrilaren 31rako.

Baionako mobilizazioan egindako adierazpenetan, Jean-Pierre Etxeberri CFDTko ordezkariak esan zuenez, pentsioen erreforma "ez da onargarria" eta "kendu" egin behar da. Era berean, LABeko Argitxu Dufauk ere gogor kritikatu zuen Frantziako Gobernuaren asmoa, "eztabaidarik gabe" errefoma indarrean sartzea nahi duelako. "Prest dira eztabaidarik gabe legea indarrean sartzeko, baina parean aurkituko ditu langile determinatuak eta gaurkoa da lehen froga", esan zuen.

Atzokoa, mobilizazio kate luze baten abiagunea izatea nahi dute sindikatuek, Frantziako Gobernuak atzera egin eta pentsioen erreforma bertan behera utz dezan, 1995ean, Jacques Chirak Frantziako presidente zela, gertatu zen bezala. Orduko hartan, milaka herritar kalera atera ziren pentsioen erreformaren kontra, eta, azkenean, Gobernuak amore eman zuen.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, bere aldetik, Bartzelonan egindako agerraldi batean, berretsi zuen erreforma "bidezkoa eta arduratsua" dela. Are gehiago, Europa mailan gai honetan Franzia "atzetik" doala esan zuen. Haren hitzetan, herritarrek euren iritzia adieraztea "zilegia" da, eta protesta ekintza baketsuak errespetatzen ditu, baina ez zuen atzera egiteko asmorik erakutsi.

Macronen planaren arabera, erretiroaren gutxieneko adina pixkanaka atzeratu egin nahi da, 62 urtetik 64 urtera (2030ean), eta erretreta saria % 100 jaso ahal izateko, kotizazioaren iraupena 43 urtekoa izango da 2027tik aurrera (orain arte, 2035etik aurrerako zegoen aurreikusita neurri hori).

Ezustekorik ezean, Frantziako Ministroen Kontseiluak datorren astean emango dio argi berdea proiektuari.

.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Grebak albisteak Frantzia albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Frantziako presidentea azken ordukoa Sindikatuen azken ordukoa Pentsioak azken ordukoa Frantziako Gobernua gaur