Ekonomia -

Lana

EAEk Estatuko lan absentismo tasarik altuena dauka, Adecco Group Instituteren arabera

The Adecco Groupeko ikerketa eta dibulgaziorako guneak 2022ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu ditu. Confebaskek "behin eta berriz absentismoan txapeldun" izatea deitoratu du eta "lehiakortasunarentzat oso kaltegarria" dela esan du.

Metalgintzako langilea. Argazkia: pexels.com
Metalgintzako langilea. Argazkia: pexels.com
Metalgintzako langilea. Argazkia: pexels.com

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adecco Group Institute erakundeak 2022ko hirugarren hiruhilekoari dagokion absentismo eta lan istripuei buruzko txostena argitaratu du. Bertan ematen dituen datuen arabera, EAEk dauka Estatu osotik lanera agertzen ez direnen kopururik handiena; hain zuzen ere, % 9,8koa da datua. Nafarroa dago bigarren postuan % 8,3ko tasarekin. Bi kasuetan, urte osoko datuak kontutan hartuta, %1 inguru egin du gora datuak.

Ikerketa zentroko zuzendari Javier Blascok datuak kontestuan jarri nahi izan ditu. Bere hitzetan, hirugarren hiruhilekoan "udako oporren eraginez hitzartutako ordu efektiboek izan duten beherakada nabarmenaren ondorioz" etorri da datu hau.

Iturria: Absentismo eta Lan Istripuei buruzko txostena. Adeco Group Institute

Aldi baterako ezintasunaren ondorioz gertatutako absentismoari dagokion tasa aurrekoa baino baxuagoa da EAEn; % 7,4koa. 2021ekoarekin alderatuta % 1,2 egin zuen gora eta hau ere Estatuko altuena da.

Datuak sektoreka begiratuta, huts egite gehien gertatu ziren sektorea industria izan zen Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Atzetik ditu eraikuntza eta zerbitzuak.

Confebasken erantzuna

Confebask patronalak deitoratu egin ditu lanera ez joatearen datu hauek. Virginia Mugicarentzat, patronalaren sail juridikoko zuzendariarentzat, datuok "ez dute albiste berririk ekarri" eta penagarritzat jo du EAE "behin eta berriz txapeldun izatea" absentismoan. Lehiakortasunarentzat "oso datu kaltegarriak" direla gehitu du.

Patronaleko zuzendaritzako kideak aldi baterako ezintasunari lotutako absentismoaren datuak azpimarratu ditu. Datu orokorren % 70-80 artean daudela esan du eta ez dutela ulertzen "zergatik den gainerako komunitateetan baino askoz altuagoa". Enpresariak oso arduratuta daudela eta gaia erakundeei helarazi dietela azaldu du.

Ezbeharren kopurua jaitsi egin da

The Adecco Groupen ikerketa eta dibulgaziorako gunearen txostenak ezbeharrei buruz ere hitz egiten du. Haren arabera, lan-istripuek % 21 egin zuten behera 2022ko hirugarren hiruhilekoan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, 2021eko epe berberarekin alderatuta.

Lan istripuen inzidentzia 100.000 biztanleko 214koa da EAEn. Estatuko hirugarren daturik baxuena da, datu orokorra 234koa baita. Nafarroan, aldiz, Estatuko bataz bestekoa gainditzen dute; 100.000 biztanleko 291 lagunek izan zuten lan-istripuren bat.

Sektoreak kontutan hartuta, eraikuntzan gertatzen dira istripu gehienak. Bigarren lekuan industria agertzen da eta, ondoren, nekazaritza. Kontrara, zerbitzuen sektorean zenbatzen dira istripu gutxien.

Azkenik, in itinere istripuen datuei begiratuta, 100.000 biztanleko 25 langilek izan zuten bidean istripuren bat 2022ko uztailean, abuztuan edo irailean.

Iturria: Absentimo eta lan istripuei buruzko txostena. Adecco Group Institute

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Confebask bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainia albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak