Ekonomia -
kontsumorako prezioen indizea
KPI % 5,7ra jaitsi da 2022ko abenduan
Hala, inflazioa azaroan erregistratutako datua baino puntu bat beherago kokatu da. Azken urtean gehien garestitu diren elikagaiak azukrea, olioak eta koipeak, esnea, arrautzak, esnekiak, zerealak eta patatak izan dira.
eitb media
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) bi hamarren igo da abenduan, aurreko hilaren aldean, eta 1,1 puntu murriztu da urte arteko tasa, % 5,7ra arte, 2021eko azarotik izan duen zifrarik baxuenera, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratutako behin betiko datuen arabera. Datu horrek hamarren bat jaitsi du erakndeak joan den hilaren amaieran aurreratutakoa; izan ere, urte arteko KPIa % 5,8koa izan zen eta hileko prezioak % 0,3 igo ziren.
Ez da hala izan azpiko inflazioaren kasuan (landua gabeko elikagairik eta produktu energetikorik gabe), INEk hamarren bat igo baitu hasierako zenbatespena (% 6,9). Horrela, bada, azpiko KPIak % 7an itxi zuen abendua, azarokoa baino zazpi hamarren handiagoa eta 1992ko azarotik izandako altuena.
Datu horrekin, azpiko inflazioak indize orokorra gainditu du lehen aldiz 2021eko otsailetik, eta 1,3 puntuko tartea ireki du. 2021a % 7,1eko inflazioarekin itxi zen.
INEren arabera, abenduan gertatutako urte arteko KPIaren moteltzea, batez ere, erregaien eta berokuntzarako gasolioaren prezioen jaitsieragatik eta 2022ko abenduan elektrizitatea 2021eko hilabete berean baino gutxiago igo zelako izan zen.
Elikagaien prezioak, berriz, % 15,7 hazi ziren abenduan urte arteko tasan, azaroan baino lau hamarren gehiago eta seriearen hasieratik, 1994an, tasarik altuenera iritsita.
Elikagaien barruan, azken urtean gehien garestitu direnak azukrea ( % +50,6), olioak eta koipeak ( % +38,1), esnea ( % +37,2), arrautzak ( % +29,8), esnekiak ( % +23,4), zerealak ( % +22,7) eta patatak ( % +22,6) izan dira.
Euskadiri dagokionez, KPIa % 0,1 igo da abenduan, aurreko hilaren aldean, eta urte arteko tasa % 5,4ra igo da, INEren datuen arabera.