Ekonomia -

Salerosketak

Donostiako autobus geltokia eta Bilboko Intermodala, Azora funtsaren esku

Operazio horiek jaso dituzten kritiken aurrean, Bilboko eta Donostiako udalek adierazi dute kudeaketa eredu hori hasieratik adostu zela eta eragile pribatuen arteko salerosketek legea betetzen dutela.

Donostiako autobus geltokiaren eta Bilboko Intermodalaren irudiak.
Donostiako autobus geltokiaren eta Bilboko Intermodalaren irudiak.
Donostiako autobus geltokiaren eta Bilboko Intermodalaren irudiak.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako autobus geltokia eta Bilboko Intermodala Azora taldearen esku geratu dira. Uztailean Donostiako autobus geltokiaren kudeaketa % 51ko partaidetzarekin eskuratu ondoren, aste honetan jakin da Azorak Amenabar taldeari Bilboko Intermodala ere erosi diola ustiatzeko emakida, 2057 urtera arte.

Bi geltokiak Bilbon egoitza duen eta Azorak sortutako Infrabask II sozietateak erosi ditu, "azpiegitura jasangarrietan inbertsioak egiteko". Taldearen arabera, bi aktiboen estrategiak "hirietako erdiguneko trafikoa arintzea, intermodalitatea sustatzea eta auto elektrikoak kargatzea" du helburu.

"Azoran ibilbide arrakastatsua egin dugu higiezinen inbertsioaren joerak hautematen, batez ere etxebizitzen eta hotelen sektoreetan, eta erosketa horrek agerian uzten du, halaber, gure hirien bizi-kalitatea eta jasangarritasuna hobetzeko garapen-ahalmen handia duten funtsezko aktiboetan inbertitzeko aukerak aprobetxatzeko dugun gaitasuna", adierazi du Concha Osacar Azorako bazkide sortzaileak.

Bilboko Udalak Amenabarri geltoki intermodala 40 urtez ustiatzeko ardura eman zion. Orain, euskal enpresak intermodalaren eraikinean integratutako merkataritza-zentroa soilik kudeatzen jarraituko du.

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak hedabideei egindako adierazpenetan esan duenez, "ez dago kezkarik Udalean operazio honengatik". "Horrelako beste azpiegitura mota batzuk kudeatzen dituen funtsa da", esan du.

Ildo beretik, Donostiako Udaleko iturriek salerosketa defendatu dute, eta azpimarratu dute hasieratik adostu zela geltokiaren kudeaketa sektore pribatutik egingo zela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Donostiako Udala Bilbo Donostia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak