Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaibuseko beharginek protesta egin dute Bilbon hitzarmen "duin" baten alde
Greba eguna dute gaur EMB Ezkerraldea-Meatzaldeako Bus eta Vectalia Enkarterri Bizkaibuseko langileek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaibuseko langileek mobilizazioak egin dituzte goizetik Bizkaiko hiriburuan, hitzarmen "duin" baten alde.
Hain zuzen ere, EMB Ezkerraldea-Meatzaldeako Bus eta Vectalia Enkarterri Bizkaibuseko langileak atera dira kalera, 24 orduko greba eguna duten honetan.
08:00etan hasita, Bilbo erdigunea hartu dute manifestariek. Lehenik eta behin, Kale Nagusian egin dute elkarretaratzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Ondoren, Batzar Nagusien eraikina inguratu dute, Hurtado Amezaga kalean.
EMBren enpresa batzordeko presidente Juan Carlos Gonzalezek (CC.OO.) ziurtatu du % 100ekoa izan dela grebaren jarraipena, eta adierazi ez dutela itxaropen handirik biharko deitutako bileran, enpresak duen jarrera ikusita.
Gauzak horrela, hamabi greba egun deitu dituzte 2023ko lehen hiruhilekorako; lehenengoa astelehen honetan. Era berean, urtarrilaren 19an, 25ean eta 31 egingo dute planto, baita otsailaren 6an, 16an, 22an eta 28an ere. Martxorako lau greba egun deitu dituzte: 6an, 16an, 22an eta 28an.
Vectalia Enkarterriko langileak ere 24 orduko lanuzteak egitera daude deituta egun horietan, urtarrilaren 19an salbu, UGTko iturriek jakinarazi dutenez.