Ekonomia -
Inflazioa
Zortzi supermerkatu kate salatu ditu Facuak, BEZaren deskontua ez aplikatzeagatik
Alcampo, Aldi, Carrefour, Dia, Eroski, Lidl, Hipercor eta Mercadona dira premia handiko zenbait produktu merkatu ez dituzten supermerkatu kateak. Guztira, 676 prezio aztertu dituzte, abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zortzi supermerkatu kate salatu ditu Facua kontsumitzaileen elkarteak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean, zenbait elikagairi BEZaren deskontua ez aplikatzearren, eta, horrenbestez, Espainiako Gobernuak inflazioari aurre egiteko iragarritako neurria ez betetzeagatik.
Hain zuzen ere, Alcampo, Aldi, Carrefour, Dia, Eroski, Lidl, Hipercor eta Mercadona dira premia handiko zenbait produktu merkatu ez dituzten supermerkatu kateak. Guztira, 676 prezio aztertu dituzte, abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra.
52 kasutan ez dute prezioa jaitsi. Horrela, 34 produktuk urtea bukatu zeneko prezioa dute oraindik ere, 11k ez dute prezioa behar beste merkatu, eta zazpi kasutan are garestiagoak dira orain salneurriak.
Jarraipen kanpaina baten lehenengo fasean atzeman dituzte irregulartasun horiek. Datozen hilabeteetan azterketa gehiago egingo dituzte, aldaketak eman diren ala ez egiaztatzeko.
Ildo horretan, Facuak gogorarazi du BEZaren jaitsiera aplikatu behar den produktuetan galarazita dagoela prezioak igotzea, gutxienez apirila bukatu arte.
Ostegun honetan argitaratutako txostenaren arabera, Mercadona eta Hipercor kateetan atzeman dituzte irregulartasun gutxien (% 1), eta Dian eta Carrefourren gehien (% 17 eta % 10, hurrenez hurren).