Ekonomia -
Laneko bajak
Apirilaren 1etik aurrera beharginek ez dute lantokian gaixoaldi bajaren papera aurkeztu beharko
Langileak izapide hori egitera behartzen zituen dekretuaren aldaketa kaleratu dute gaur Estatuko Aldizkari Ofizialean. Are gehiago, indarrean sartzen denean, enplegatuak ez dio zertan enpresari gaixo dagoela jakinarazi beharko.
Eider Garaikoetxea O.| EITB Media
Apirilaren 1etik aurrera, langileek ez dute euren enpresan gaixoaldi baja paperean aurkeztu beharko. Espainiako Gobernuak joan den astean onartu zuen aldaketa hori jasotzen duen errege dekretua, eta gaur kaleratu dute Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Dekretuak aldi baterako ezintasun prozeduren kudeaketa eta kontrolerako zenbait arlo aldatuko ditu. Esan bezala, aldaketa ez da berehalakoan indarrean sartuko, hiru hilabete barru baizik.
Orain arte, medikuak baja ematen zigunean (berdin senda agiri eta baieztapenekin) agiriaren bi kopia ematen zizkigun: bata, norberarentzat, eta bestea (FIE izeneko ziurtagiria) lantokian bi eguneko epean aurkeztu beharrekoa. Horrekin batera, beharginak gaixo zegoela jakinarazi behar zion enpresari.
Lantokian baja agiriaren papera entregatu beharrak eragozpen ugari sortzen zituen (eri egonda, senitarteko edo lankideren baten esku geratzen zen maiz), baita dokumentuekin atzera eta aurrera ibiltzea ere. Pandemiak are gehiago zaildu zuen egoera. Hala, Osakidetzak berak eta enpresa batzuek prozedura digitalizatu zuten, eta gaixoaldi bajaren prozedura ia berehala eta digitalki egiten da orain.
Dena dela, apiriletik aurrera, papera aurkeztea derrigorrezko izateari utzi dio, eta horrela izango da prozesua:
Medikuak, edo mutuak hala dagokionean, Gizarte Segurantzari bidaliko dio gaixoaldiko bajaren jakinarazpena, modu telematikoan eta berehala —asko jota, hurrengo baliodun egunean—; ondoren, Gizarte Segurantzak enpresari jakinarazi dio (lFIE fitxategia bidalita) eta horrek hiru egun izango ditu RES sistemaren bidez (gazteleraz, datuak elektriko bidaltzeko sistema) eskatzen zaizkion datuak emateko. Hori egin ezean, zigorra jaso dezakete, gainera.
Langileak ez du gaixo dagoela jakinarazi beharko
Hiru hilabete barru indarrean sartuko den moldaketa horrek badu beste ondoriorik: une horretatik aurrera, beharginak ez du zertan jakinarazi beharko bajan dagoela (gomendagarria bai, baina ez nahitaezkoa). Izan ere, hori komunikatzeko erantzukizuna medikuak izango du, eta enpresek, euren aldetik, sistema kontsultatu beharko dute egunero bajan dituzten langileen berri izateko.
Horrez gain, errege dekretuak bajen iraupena berrikusteko aukera emango dio medikuari. Hau da, eritasunaren bilakaeraren arabera, aldez aurretik ezarritako iraupena (demagun, astebete) laburtzeko modua izango du osagileak.
Kontu horri buruz galdetuta, Izaro Mujika ELA sindikatuaren osasun eta lan segurtasuneko arduradunak Euskadi Irratian salatu duenez, dekretuak "aukera ematen die mutuei langileak zazpi egun baino lehen zitatzeko; Osakidetzan ez dago hainbesteko arazoa alde horretan, baina mutuen kasuan ezagutzen dugu euren modus operandi-a . Beste behin ikusi dugu errege dekretuak erabiltzen direla mutuen mesederako".
Baja agiriak digitalizatzearen inguruan, sindikatuak esan du Osakidetzako Lehen Arretako profesionalak pandemia garaian hasi zirela agiriak digitalki bidaltzen, eta "berez nahikoa lan karga zuten langileei zama gehigarria" ekarri ziela.