Ekonomia -

LANGABEZIA

Langabezia % 3,5 jaitsi zen abenduan EAEn, eta % 1,3 Nafarroan

Euskal Autonomia Erkidegoan iazko abenduan baino 4.047 langabe gutxiago zeuden; Nafarroan, 416 gutxiago. 2.837.653 langabe zeuden Espainiako Estatuan 2022. urtearen amaieran, 2007tik izandako kopururik txikiena.

Gizon gazte bat Lanbideren bulego baten kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon gazte bat Lanbideren bulego baten kanpoaldean
Afiliazio marka EAEn, abenduan

1:24

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022. urtearen amaieran 110.798 langabe zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta, 31.610, ostera, Nafarroan, Espainiako Lan Ministerioak gaur goizean zabaldutako datuen arabera. Iazko abenduarekin alderatuta, langabeziak % 3,52 eta % 1,30 egin du behera EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.

Azarotik abendura, ostera, langabeziak gora egin du bai EAEn (88 pertsona) eta baita Nafarroan (117 pertsona) ere.

Hala ere, iazko urte amaierarekin alderatuta, langabeen kopuruak behera egin du EAEn (4047) eta Nafarroan (416).

Iazko urte amaierarekin konparatuta, 2.517 langabe gutxiago daude Bizkaian (% 3,88), 1.116 gutxiago Gipuzkoan (% 3,65) eta 414 gutxiago Araban (% 2,13). Azken hilabetean Araban eta Bizkaian ere langabeziak behera egin du, 256 eta 7 langabe gutxiagorekin, hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, 351 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 1,21).

2.837.653 langabe zeuden Espainiako Estatuan 2022. urtearen amaieran, 2007tik izandako kopururik txikiena. Azarotik abendura, ostera, 43.727 pertsona gutxiago zenbatu dituzte.

Kontratazioa

Kontratazioari dagokionez, 57.989 kontratu berri sinatu ziren abenduan EAEn eta horietatik % 21,29 izan ziren mugagabeak. Orotara, 199.995 kontratu mugagabe sinatu ziren iaz, aurreko urtean baino % 148,3 gehiago.

Hala ere, kontratazioak, oro har, % 10,88 egin du behera abenduan Euskadin (7.079 kontratu gutxiago) azaroarekin alderatuta, eta % 22,39 (16.727 kontratu) egin du behera, ostera, 2021eko azken hilabetearen aldean.

Nafarroan, 22.555 kontratu berri sinatu dira, horietatik 4.331, mugagabeak. Azken hilabetean kontratazioa % 7,74 jaitsi da (1.866 kontratu) eta azken urtean, ostera, % 22,82 (6.582 kontratu).

Lan erreforma indarrean sartu zenetik urtebete bete den honetan, 2,3 milioi pertsona gehiagok dute kontratu mugagabea. Euskadin % 148 egin dute gora mota horretako kontratuek.

Afiliazioa

Euskadik duela urtebete baino 14.055 afiliatu gehiagorekin amaitu du urtea ( % 1,41). Guztira, 994.077 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Hala ere, hazkundea moteldu egin da, abenduan azaroan baino 822 afiliatu gehiago erregistratu baitituzte (% 0,08).

Nafarroan 2021eko abenduan baino 4.301 afiliatu gehiago daude (% 1,45). Guztira, Gizarte Segurantzan izena emandakoak 299.966 dira. Azken hilabetean, ostera, afiliatu kopuruak % 0,77 egin du behera (2.319 pertsona).

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Euskadi erronkei aurre egiteko indartsu dagoela uste du Jaurlaritzak
Euskadi erronkei aurre egiteko indartsu dagoela uste du Jaurlaritzak
Euskadi erronkei aurre egiteko indartsu dagoela uste du Jaurlaritzak

0:51

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak nabarmendu duenez, Euskadiko lurzorua "askoz sendoagoa da urte berriari eta edozein ezusteko berriri aurre egiteko". Horren ustez, zifra horiek "historikoak ez ezik, itxaropentsuak ere badira, eta are hobeak dira iazko asaldurak kontuan hartzen baditugu".

Inoiz baino afiliatu gehiago daudela eta inoiz baino pertsona gehiagok kontratu mugagabeak dituztela azpimarratu du. "Hartu ditugun neurriei esker, jarduera ekonomikoak aurrera jarraitu du, zailtasunak zailtasun, eta jendea kontratatu da", gaineratu du.

Nafarroako Gobernuaren ustez, "2022a hazkunde eta egonkortasun sasoia izan da Nafarroako enpleguarentzat. 73.137 kontratu mugagabe sinatu dira, 2021ean halako bi" eta langabeziak behera egin du, 2021ean baino 416 langabe gutxiago zenbatu baitira, abenduan beherakada apur bat apaldu bada ere. 

Ohar batean, irakurketa positiboa egin du foru gobernuak, eta "lan merkatua egonkor" dagoela erantsi du, oraingoz behintzat. Dena dela, "autokonplazentziatik ihes eginda", eta "lanean" jarraitzeko deia egin du enplegua sortzeko eta langabezia murrizteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Araba EAE albisteak Lana Lanbide albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa