Ekonomia -
Inflazioa
KPIa puntu bat jaitsi da abenduan, eta urteko maila baxuenean dago: % 5,8
2022ko kontsumoen prezioen indizerik baxuena da, Espainiako Estatistika Institutuak aurreratutako datuaren arabera.
Mikel Dominguez | EITB Media
Kontsumorako prezioen indizea % 5,8 izan da abenduan, azaroan (% 6,8) baino puntu bat gutxiago, Espainiako Estatistika Institutuak aurreratutako datuaren arabera. Azken urtean, beraz, prezioak % 5,8 igo dira. 2022ko urteen arteko igoerarik txikiena da.
Urtarriletik, urte arteko KPIa % 6tik gora egon da beti. 2021etik goraka, azken hamarkadetako maximora iritsi zen aurtengo uztailean. 10,8an kokatu baitzen, eta orduan hasi zen jaisten.
Hilabeteen arteko bilakaerari dagokionez, prezioak hiru hamarren igo dira azarotik.
Hala, abenduan ere inflazioa lasaituta, urte arteko tasak bost hilabetez egin du behera: abuztuan hiru hamarren jaitsi zen, % 10,5era; irailean 1,6 puntu jaitsi zen, % 8,9ra arte; urrian 1,6 puntu egin zuen behera, % 7,3ra arte, eta azaroan puntu erdi murriztu zen, % 6,8ra arte.
INEren arabera, moteltze hori elektrizitatearen prezioek eragin dute, 2021eko abenduan baino gutxiago igo direlako. Erregaiek ere eragina izan dute, iazkoak baino jaitsiera handiagoa izan dutelako.
Aldiz, jantzien eta oinetakoen prezioak gutxiago jaitsi dira 2021eko abendurekin alderatuta, eta igo egin dira tabakoarenak eta elikagai prestatuenak.
Azpiko inflazioa, KPI orokorraren gainetik
Abenduko datu aurreratuarekin, INEk azpiko inflazioaren estimazio bat ere eskaini du. Azpiko inflazioak ez ditu kontuan hartzen urte osoan inflazioaren protagonista izan diren prezio energetikoak. Oraingoan, azpiko inflazioa datu orokorraren gainetik dago: % 6,9.