Ekonomia -

Batzorde mistoaren bilera

Euskadik 400 milioi jaso ditzake bi urteren buruan, energia konpainiei eta bankuei ezarritako zergen truke

Bileraren helburua dirutza handien gaineko aldi baterako solidaritate zerga ituntzea izan da. Halaber, erabaki dute Euskadik parte hartzea energiaren aldi baterako kargan, baita kreditu erakundeentzako zein kredituko finantza establezimenduentzako aldi baterako kargan ere.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik, bi urteren buruan, 400 milioi euro inguru jaso ditzake energia konpainien eta bankuen gaineko aldi baterako zergetan parte hartzeagatik. Hala aurreratu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa modu telematikoan bildu ondoren.

Bileraren helburua dirutza handien gaineko aldi baterako solidaritate zerga ituntzea izan da. Halaber, erabaki dute Euskadik parte hartzea energiaren aldi baterako kargan, baita kreditu erakundeentzako zein kredituko finantza establezimenduentzako aldi baterako kargan ere.

Hala, ondarearen gaineko zergaren osagarria den fortuna handien gaineko aldi baterako solidaritate zergari buruzko akordioaren ondoren, Euskal Ekonomia Itunean araudi autonomoko zerga itundu gisa sartuko da, zerga hori sortu duen Estatuko Legearen indarraldi berarekin.

Bestalde, energiaren aldi baterako kargan, eta kreditu erakundeentzako zein kredituko finantza establezimenduentzako aldi baterako kargan parte hartzeari dagokionez, Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa emango dio Euskadiri, Ukrainako gerrak eta covidak eragindako eskaintza eta hornidura arazoek ekarri dituzten ondorio ekonomiko eta sozial apartekoei aurre egiteko.

Aipatutako figurek 2023an eta 2024an sortutako diru sarreren bolumenaren % 6,24koa izango da finantzaketa hori, eta kupoa ordaintzeko epeetan konpentsatuko da. Ordainetan, Euskadik bere gain hartuko du, osorik, bi kargen bidez soilik finantzatzen diren Estatuaren laguntzen definizioa eta kudeaketa.

Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, energien eta bankuen aldi baterako zergen bidez Estatuak 6.500 milioi euro inguru bilduko ditu, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak bileran parte hartu duen EAEko ordezkaritzari azaldu dionez.

Kopuru hori Ukrainako Gerrak eta pandemiak eragindako eskaintza- eta hornidura-arazoek eragindako "aparteko ondorio ekonomiko eta sozialei" aurre egiteko erabiliko da.

Azpiazuk gogora ekarri du "erabakita" dagoela eta "zehatzagoa" dela Europako "araudiaren arabera". "Euskal erakundeak Europaren eskakizunetara egokituko gara; funtsean, energia-kontsumoa murriztera, energia berriztagarrien kontsumoa bultzatzera eta kontsumo intentsiboko enpresei eta sektoreei laguntzera bideratutako neurriak izango dira", gogorarazi du.

Bigarrenak, kreditu-erakundeei eta finantza-establezimenduei ezarritakoak, ez dira hain mugaturik, eta EAEko erakundeek "Euskadin beharrezkoa dena" baloratuko dute.

Dirutza handien gaineko zergak bi urtez zergapetuko ditu 3 milioi eurotik gorako ondareak, 700.000 euroko gutxieneko salbuetsiarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE Espainiako Gobernua Ekonomia berriak Gaurko titularrak Albisteak Zerga politika gaur