Ekonomia -
lan gatazka
Frantziako tren kontrolatzaileen grebak Ipar Euskal Herriko zerbitzuari ere eragingo dio
Astelehen goizera arte mantenduko dute greba kontrolatzaileek. Urteberriko astebururako deialdia, berriz, bertan behera utzi dute, konpainiaren proposamenak onartu eta gero.
eitb media
Frantziako tren kontrolatzaileak greban dira astelehen goizera arte, euren lanbidean hobekuntzak eskatzeko. Frantziako Burdinbideen Sozietatearekin akordio batera iritsi badira ere, asteburu honetako deialdia mantendu egin dute, eta horrek eragin du bost trenetik bi bertan behera gelditzea, baita Baionako geltokian ere.
Abiadura Handiko Trenei eragiten die grebak, bereziki. Izan ere, Paris edo Bordele eta Baiona artean, lauzpabost tren gutxiago dabiltza egunero, bi noranzkoetan. Ondorioz, Eguberrirako jarritako errefortzua ez da sumatzen.
SNCF tren konpainiako kontrolatzaileek lansari eta lan baldintza hobeak eskatu dituzte, eta mugimendua jarraipen handia izaten ari da, Euskal Herrian ere bai.
Peio Dufau SNCFko langile eta CGT sindikatuko kidearen ustez, enpresako zuzendariek "ez dituzte ondo neurtu" mugimenduaren denbora eta indarra.
Hala, Dufauk EITB Mediari jakinarazi dionez, negoziazioek aurrera egin dute, baina "berandu", plangintza bi egun lehenago egiten delako.
Astelehen goizera arte mantenduko dute greba kontrolatzaileek, baina Urteberriko astebururako deialdia bertan behera utzi dute, konpainiaren proposamenak onartu eta gero.