Ekonomia -

Elkarrizketa

Lakuntza: "Metalgintza sektorean greba mugagabea da hurrengo urratsa, albait arinen eman beharrekoa"

"Horretarako, baina, batasuna behar dugu. Beharbada berandu gabiltza, ahalik eta azkarren egin beharko baikenuke aukera horren alde", adierazi du ELAko idazkari nagusiak.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia

play icon 22:38

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da, Euskal Autonomia Erkidegoan udazken honetan piztu diren lan gatazkei buruz jarduteko. Horietako batzuetan esperotako emaitza jaso dute langileek protestei esker, horregatik, kalera atera eta planto egiteak duen garrantzia azpimarratu du gaurkoan: "Borrokatzen ez bagara, ez dago aukerarik. Grebak egotea guretzat ona da; kontrara, txarra litzateke prekarietatearen aurrean geldi geratu eta erantzunik ez ematea". 

Metalgintzaren sektoreak bizi duen "garai txarra" izan du hizpide, besteak beste. Horri buruz esan du greba mugagabea dela hurrengo urratsa. "Testuinguru horrek beste salto bat eskatzen du. Horretarako, baina, batasuna behar dugu. Beharbada berandu gabiltza, ahalik eta azkarren egin beharko baikenuke aukera horren alde", adierazi du.

Inflazioa mintzagai, ELAko idazkariak azpimarratu du prezioek behera egin badute ere, oraindik oso altuak direla; alegia, egoera zail baten aurrean gaudela: "Ezin gara erlaxatu, egoera zaila da oraindik ere".

Bizkaibuseko langileek gaur duten greba egunaz ere mintzatu da, argi utzita administrazioek diru gehiago eman beharko luketela.

Bukatzeko, Osakidetzako lan gatazkaz eta gutxieneko soldataren gainean Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaz hitz egin du. Lehen gaiari helduta, Lakuntzak azaldu du jendeak garbi duela Osakidetza ez dela garai batean izan zena. "Kezkatuta gaude inbertsio faltarekin eta zerbitzuak okerrera egin duelako. Ez dago inolako planifikaziorik. Gotzone Sagardui sailburuak ez digu egia esan, aurten iaz baino diru gutxiago bideratu baitute osasungintzara. Mahai sektorialerako deia egiten dugu, baina ez argazkia egiteko soilik, gai zerrenda bat aurkeztu eta benetan negoziatzeko. Behin-behinekotasun handiena duen enpresa publikoa da Osakidetza, hots, EAEn dugun aldi baterako laneko enpresa handiena, behin-behinekotasuna % 40tik gorakoa baita", nabarmendu du.

Bigarren aferari buruz, bestalde, zera azaldu du: "Espainian erabakitzea txarra da guretzat, hemengo errealitatea ezberdina delako. Hartara, 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dugu berton".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak Bizkaibus Gaurko titularrak Albisteak Irratia euskaraz Sindikatuen albistea Lan gatazkak gaur