Ekonomia -
INBERTSIO FUNTSAK
EAEn egoitza duen Foodtech funts berriak nekazaritzako elikagaien sektoreko konpainietan inbertituko du
Cardumen Capital inbertsio funtsak gidatuko du eta Basque Culinary Center ezagutza bazkidea izango da.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan egoitzan duen Foodtech industriako lehen inbertsio funtsa martxan da, eta nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa teknologikoetan inbertituko du.
Cardumen Capital (arrisku kapitaleko funts europar-israeldarra) gidari dela, Basque Culinary Center sukaldaritza eskola ezagutzako bazkidea izango da. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzen dute.
Gaur goizean aurkeztu dute Foodtech izenez bataitu duten inbertsio funts berria eta bertan izan dira Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea.
Funts berri hori jasangarri gisa sailkatuta dago, eta sustatzaileen arabera, nekazaritzako elikagaien sektoreko teknologia konpainietan inbertituko du, zehazki, klima aldaketaren eta elikagaien segurtasunaren aurka borrokatzen duten teknologietan.
Esate baterako, adierazi dute puntako teknologia eta merkataritza trakzioa duten 15 enpresa ingurutan inbertituko dutela, zehaztasun nekazaritzan, proteina alternatiboetan edo ekonomia zirkularrean ari direnetan.
Foodtech inbertsio funtsaren lehen erronka 20 milioi euroko tamaina izatera iristea da, baina azken helburua 40-50 milioitan jarri dute.