Ekonomia -
KPI
KPIa % 6,8ra jaitsi da azaroan, elikagaien prezioak % 15,3 garestitu arren
Azukrea (% 50,2), olioa (% 31,5), esnea (% 30,9) eta arrautzak (% 27,1) dira gehien garestitu diren elikagaiak.
EITB MEDIA
Beheranzko joerari eutsi dio Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) azaroan ere, % 6,8ra jaitsita. Aurreko hilabetearekin alderatua, hamarren bat egin du behera, eta urte arteko tasa kontuan hartuz gero, puntu bat. Pasa den urtarriletik izan duen baliorik baxuena da Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) gaur, asteazkena, kaleratu dituen datuen arabera; hots, Ukrainako gerra hasi aurretik -% 6,1ean zegoen orduan-.
Azaroko datua joan den uztailean izandako zifrarik altuena baino lau puntu txikiagoa da, zeina % 10,8ra igo zen; 1984ko irailetik inflazioak erregistratu duen mailarik altuenera.
Azaroko jaitsieraren ondotik, inflazioak lau hilabetez jarraian egin du behera urte arteko tasan: abuztuan, hiru hamarren jaitsi zen, % 10,5era; irailean, 1,6 puntu, % 8,9ra; eta urrian, 1,6 puntu, % 7,3ra.
INEren esanetan, pasa den hilabeteko urte arteko KPIaren jaitsieraren arrazoia, erregaien, elektrizitatearen eta berogailuetarako eta hoteletarako erabiltzen den gasolioaren prezioen murrizketak eragin du, batik bat.
Neguko denboraldi berria dela eta, aurtengo azaroan jantzien eta oinetakoen prezioak 2021eko hilabete berean baino gutxiago igo izanak ere eragina du inflazioaren moteltzean.
Elikagaien prezioak, ostera, % 15,3 egin du gora azaroko urte arteko tasari dagokionean, urrian baino hamarren bat gutxiago. Azken urtean gehien garestitu diren elikagaien artean, azukrea (% 50,2); olioak eta koipeak (% 31,5); esnea (% 30,9); arrautzak (% 27,1); zerealak (% 22,9); esnekiak (% 21,7) eta patatak (% 21,5) daude.