Ekonomia -

caf

CAFek urteko kontraturik mardulena sinatu du Herbehereekin, 600 milioi eurokoa

CAFek zoru bikoitzeko 60 trenez hornituko du Holandako NS operadorea. Kontratuak 600 milioi euroko inbertsioa du, eta eskaria handitzeko aukera izango da. Lehen trenak 2028an martxan jartzea espero da.

CAFek 60 tren ekoiztuko ditu NS enpresa holandarrarentzat. Argazkia: CAF
CAFek 60 tren ekoiztuko ditu NS enpresa holandarrarentzat. Argazkia: CAF
CAFek 60 tren ekoiztuko ditu NS enpresa holandarrarentzat. Argazkia: CAF

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CAF enpresak kontratu esanguratsua sinatu du gaur, asteartea, Herbehereetako trenbide sareko aldiriko eta hiriarteko zerbitzuak kudeatzen dituen Nederlandse Spoorwegen (NS) enpresa holandarrarekin, hiriarteko zerbitzuetara bideratuko dituzten bi pisuko trenen flota berria hornitzeko. Guztira, 60 tren ekoitziko ditu —4 kotxeko 30 unitate eta 6 kotxeko 30 unitate—, baita horiek mantentzeko euskarri teknikoa ere.

Sinatu berri den kontratua 600 milioi euro baino gehiagokoa da, eta unitate gehiago kontratatzeko aukera jasotzen du. Kasu horretan, aipatu zifra handitu egingo litzateke.

Modu horretan, jarraipena ematen zaio Europako trenen sektoreko enpresa garrantzitsuenetako batekin duen aurreko proiektuari, zeina aldiriko zerbitzuetarako 206 SNG-Civity trenez ari den hornitzen. Aipatzekoa da bi enpresen arteko harremana; izan ere, 2014an sinatu zuten lehen kontratua.

Proiektu berri hau, 2026ko Plan Estrategikoan iragarritako estrategia komertzialarekin bat dator. Bertan, Europako merkatuaren aldeko apustuaz hitz egin zen, negozio-bolumen handiak eta jarduera errepikakorrak izaten direlako. Garrantzi handiko kontratua da gaurkoa, Civity plataformako pisu bikoitzeko trenez hornituko duen lehen bezeroa baita NS.

Aurreikuspenen arabera, lehen trenak 2028an jarriko dira martxan herrialde osoa zeharkatzen duten Intercity ibilbideetan. Gainera, trenen kopurua handitzeko eta horien bertsioak egiteko aukera ere ez dute baztertzen, mugaz bestaldeko ibilbideak egin ahal izateko, hala nola Alemaniara eta Belgikara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAF albisteak Herbehereak bideoak Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Abiadura Handiko Trena