Ekonomia -

Lan istripua

Eraikuntzako langile bat hil da Iruraiz-Gaunan, lan istripu ez traumatikoan

56 urteko behargina asteazkenean hil zen, LABek salatu duenez. “Enpresen etekina langileen prekarietatearen aurretik lehenesten duen eredu baten emaitza” da sindikatuaren arabera.

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da Iruraiz-Gaunan (Araba), lan istripu ez traumatikoan, txalet batean eraikuntza lanak egiten ari zela. LAB sindikatuak esan duenez, abenduaren 7an, asteazkena, izan zen istripua.

Langileak 56 urte zituen. Ondoezik sentitu ostean, osasun zerbitzuari abisua eman zitzaion, baina ezin izan zuen ezer egin heriotza saihesteko.

LABek elkartasuna eta babesa helarazi die familiari eta lankideei, eta salatu du eraikuntzaren sektorean "azpikontratazioaren katea gehiegi" erabiltzen dela. Sindikatuaren arabera, horrek arrisku egoerak "biderkatzen" ditu, laneko segurtasunaren gaineko araudia betetzen dela kontrolatzea zailago bihurtzen duelako.

"Enpresen etekina langileen prekarietatearen aurretik lehenesten duen eredu baten emaitza da hau, eta prekarietate horrek hil egiten du", esan du LABek.

Sindikatuaren datuen arabera, Euskal Herrian aurten hil den 69. Langilea da. Beraz, 2021ean baino gehiago izan dira dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Araba Langile Abertzaleen Batzordeak Lana Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Arabako Lautada azken ordukoa