Ekonomia -

Energia

H2Med proiektuak hidrogeno "berriztagarria" eramango du, Portugal, Espainia eta Frantzia artean

Pedro Sanchezek, Emmanuel Macronek, Antonio Costak eta Ursula von der Leyenek elkarrekin aurkeztu dute proiektua. Ez dago argi energia nuklearrarekin ekoitzitako hidrogenoa garraiatu ahal izango duen.

Macron, Von der Leyen, Sanchez eta Costa, hidrogeno korridorea aurkezten. Argazkia: EFE
Macron, Von der Leyen, Sanchez eta Costa, hidrogeno korridorea aurkezten.
Macron, Von der Leyen, Sanchez eta Costa, hidrogeno korridorea aurkezten. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako, Frantziako eta Portugalgo estatuek, Europako Batzordearekin batera, H2Med proiektua aurkeztu dute, "Europar Batasuneko lehen hidrogeno korridore handia", hiru herrialdeak energia garraiatzeko lotuko dituena. 2850 milioi euroko kostua izango du.

Pedro Sanchezek, Emmanuel Macronek, Antonio Costak eta Ursula von der Leyenek agerraldia egin dute Alacanten, EU-MED9 Euromediterraneoko IX. Goi-bileran, eta nabarmendu dute H2Med "hiru herrialdek krisi energetikoari erantzun solidarioa eta konprometitua emateko moduaren adibide" dela.

Sanchezek azaldu duenez, korridorea 2030erako amaituta egotea espero dute, eta EBk data horretan kontsumitzea aurreikusten duen hidrogeno berriztagarri guztiaren % 10 esportatu ahal izango du.

Gainera, nabarmendu du akordio hori "aurrerapausoa" dela Europako independentzia energetikoaren bidean.

Bestalde, Von der Leyenen esanetan, "Europako historia aldatuko du eta gure energia sistemaren zati erabakigarria izango da".

Energia nuklearra "hidrogeno berriztagarriaren" barruan sar liteke

Proiektuak "hidrogeno berriztagarri" terminoa erabili du, eta horrek atea zabalik uzten du energia nuklearrarekin ekoitzitako hidrogenoa garraiatzeko, Frantziako Gobernuak nahi duen bezala. Espainiako Gobernua saiatuko da proiektuak hidrogeno berdea bakarrik aintzat har dezan, baina Bruselan aurkeztuko duten testuak bi aukerak biltzen ditu.

H2Med bi trazatuk osatuko dute: Portugal Espainiarekin lotuko duena (Celorico-Zamora) eta Bartzelona eta Marseilla arteko itsaspeko hidrozubi berria (BarMar), Iberiar Penintsula Frantziarekin lotzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Espainia Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Portugal Energia berriztagarriak Energia iturriak gaur