Ekonomia -

Inflazioa

Espainiako Gobernua zortzi bat milioi familiarentzako 200-300 euro arteko txekea aztertzen ari da

Unidas Podemosek proposatu du, Pablo Iglesiasek Radio Euskadin aurreratu duenez. Espainiako Gobernuko bi alderdiak neurri hori eta beste batzuk ari dira negoziatzen; helburua da inflazioak erosketa saskian duen eraginari aurre egitea.

Txekea zazpi edo zortzi milioi familiak jasoko lukete. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.
Txekea zazpi edo zortzi milioi familiak jasoko lukete. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.
Familia zaurgarrientzako elikagaien bonuak ezartzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua

01:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiak, alegia, PSOE eta Unidas Podemos, hainbat neurri ekonomiko ari dira negoziatzen prezioen igoerari aurre egite aldera. Testuinguru horretan, Unidas Podemosek laguntza zuzen bat proposatu du, hain zuzen ere 200-300 euro arteko txeke bat, espainiar Estatuko zazpi edo zortzi milioi familiarentzat. Neurriaren helburua litzateke inflazioak erosketa saskian duen eragina leuntzea. Hala aurreratu du ostegunean Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan, Pablo Iglesias Unidas Podemoseko agintari ohiak.

"Proposamena da 200-300 euro arteko txeke bat, zazpi edo zortzi milioi familientzat", zehaztu du Iglesiasek. PSOE eta Unidas Podemos negoziatzen ari diren neurrien gainean (aurreikuspena da urte amaierarako onartuta egotea), Iglesiasek gogora ekarri du "koalizio Gobernua" dela, eta, hortaz, haren iritziz, "batzuek ezkerrera joko dute gehiago, eta beste batzuek, aldiz, eskuinerantz gehiago".

Diazek "banatzaile handiak" izan ditu hizpide

Ildo horretan, Yolanda Diaz Espainiako bigarren presidenteordeak, Unidas Podemoseko kidea bera, azpimarratu du "oso eztabaidagarria" dela banatzaile handiek ez hartzea neurririk erosketa saskiaren prezioa murrizteko. Diazek, halaber, ziurtatu du espainiar Gobernuak neurriak hartzen dituenean, energiaren kasuan gertatu denez, "prezioek behera egiten dutela".

Diazen ustez, "alokatzeekin eta hipotekekin batera, Espainiaren arazo handiena da familiek ezin dutela bermatu elikadura osasungarria eta kalitatezkoa; izan ere, erosketaren prezioa ezinezkoa da". Gogora ekarri du nola irailetik daraman esaten neurriak hartu behar direla erosketa saskiko prezioa murrizteko: "Neurri horiek izan litezke banatzaile handiekin egindako akordioak, eta beste hainbat kontu ere".

"BEZak ez du zerikusirik neurriekin; neurriek lotura dute, hain zuzen, jendearen bizitzarekin", nabarmendu du, eta azpimarratu ere azpimarratu du "krisi hau gehien dutenen ekarpenaz ordaindu behar" dela. "Kasu honetan, banatzaile handiak dira gehien dutenak; boterea bildu egiten dute esku oso gutxitan", argudiatu du.

Diazen iritziz, "ez du zentzurik eskuin ekonomikoak eta PPk beti proposatzen dutenak, alegia, zergak jaisteak; ez luke konponduko erosketa saskiarekin dugun arazoa, eta bermatu behar duguna da, hainbat neurri baliatuz, erosketa saskietan askotariko produktuak egotea, kalitatekoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Politika Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Podemos bideoak Kontsumitzaileen eskubideak Dirulaguntzak Euskadin Erosketa saskia