Ekonomia -
pentsioak
Horrela geratuko dira pentsioak 2023tik aurrera
Datorren urterako pentsioen % 8,5eko igoera aurreikusita, hazkunde horrek nola eragingo duen birpasatuko dugu, kasuz kasu.
eitb media
Astearte honetan jakin denez, pentsioak % 8,5 igoko dira 2023an. Azaroko inflazioaren datua aurreratuta, datorren urterako pentsioen balioaren hazkundea kalkulatu dezakegu, eta, kotizaziopeko pentsioei dagokienez, Espainiako Gobernuak Aurrekontuetan aurreikusitako gorakada baieztatu egin da; kotizazio gabekoek pentsioek, aldiz, % 15 egingo dute gora.
Hazkunde historiko hori bitarteko, EAEn 40.000 pentsiodunek baino gehiagok jasotzen duten gehieneko prestazioak 3.000 euroak gaindituko ditu lehen aldiz.
Hego Euskal Herrian, guztira 710.700 pentsio zenbatu dira urriaren amaieran. Zenbakitara ekarrita, hala igarriko dute igoera pentsiodunek hileroko diru-sarreran, pentsio motaren arabera:
Kontribuzio pentsioak
Hego Euskal Herriko batez besteko pentsioa 1.300 euro ingurukoa da, kontribuziozkoen kasuan. Hortaz, hilero 115 euro gehiago jasoko badute pentsio mota hau dutenek, 1.400 eurotik gora jasoko dituzte pentsiodunek batez beste.
Beraz, 2023a hastearekin batera, igoera hau aplikatuta, urtean 1.610 euro gehiago jasoko du pentsiodun bakoitzak.
Erretiro pentsioak
Erretiro pentsioei dagokienez, ohikoenak alegia, are handiagoa izango da aldea, 130 euro haziko baitira hilean. Hala, batez beste 1.510 eurokoak izatetik 1.638 eurora iritsiko dira, guztira.
Alarguntza pentsioak
Batez beste, 1.100 euroak gaindituko dituzte alarguntza pentsioek; hau da, unean baino 80 bat euro gehiago.