Ekonomia -

Kontsumorako Prezioen Indizea

Azaroko KPI aurreratua % 6,8an geratu da, laugarren hilabetez jarraian jaitsita

Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako behin-behineko datuen arabera, puntu erdi bat jaitsi da prezioen adierazlea, aurreko hilabetearekin alderatuta.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inflazioaren goranzko joera apaltzen ari dela berretsi du azaroko Kontsumorako Prezioen Indize aurreratuak: aurreko hilabeteko datuarekin (% 7,3) alderatuta, puntu erdi bat egin du behera, % 6,8raino, batez ere, argindarraren eta erregaien prezioen jaitsierak eraginda. Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako behin-behineko datuen arabera, hamarren bat jaitsi da KPIa, aurreko hilabetearekin alderatuta. Hala, laugarren hilabetez jarraian egin du behera adierazleak, uztailean % 10,8ko langara iritsi ondoren.

Halaber, jaitsiera horretan zeresana izan du arropen eta oinetakoen prezioek 2021eko azaroan baino igoera apalagoa izateak. Espainiako Gobernuko Ekonomia Gaietarako Ministerioaren arabera, gaurko datuekin inflazioaren beheranzko joera "baieztatuta geratu da".

Bestalde, azpiko inflazioa, —landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kontuan hartu gabe kalkulatzen dena—, urte arteko inflazioa ez bezala, hamarren bat igo da eta % 6,3an geratu da azaroan.

Pentsioak  

Gaur kaleratutako datuekin, 2023an pentsioak % 8,5 igoko dira. Azaroko inflazioaren datu aurreratua jakinda, datorren urteko balio handitzea kalkulatzea ahalbidetzen du, eta Espainiako Gobernuak aurrera atera berri dituen aurrekontuetan jasotako aurreikuspena berretsi da.

2021eko erreformaren arabera, pentsioen igoera kalkulatzeko, azarora arteko urte arteko tasaren balio handitzea hartzen da kontuan. Horrenbestez, datorren urtean kotizaziopeko pentsioak % 8,5 igoko dira, eta kotizazio gabekoak, berriz, % 15.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur KPI Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kontsumo elektrikoa murriztea Energia iturriak