Ekonomia -
RADIO EUSKADI
Ugarte (SEA): "Energiaren kostuaren igoerari aurre egiteko enpresentzako laguntzak faltan botatzen ditut"
Arabako patronalaren burua zuhur agertu da, atzeraldi baten arriskuaz hitz egiterakoan. Ezkortasunik ez duela zabaldu nahi esan du, baina gaur egun hazkundea oso moderatua dela azpimarratu du, eta Arabako enpresen bezero diren herrialde asko atzeraldian sartzear daudela.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Energiaren kostuaren igoerari aurre egiteko enpresek zailtasun handiak dituztela eta horien egoera arintzeko laguntzak faltan botatzen dituela esan du Juan Ugarte SEA Arabako Enpresak patronaleko zuzendariak, Radio Euskadin gaur egin dioten elkarrizketan. Horren iritzian, enpresa askoren egoera eutsiezina da, batez ere, elektro-intentsiboak direnena, eta okindegiak jarri ditu adibide modura: "hirukoiztu edo laukoiztu egin da okindegien argindar faktura, eta igoera hori ezin zaio ogi-barra bati ezarri".
Halaber, gaur kaleratu den KPIaren urriko datua ere izan du hizpide Ugartek: urte arteko inflazioa % 6,9ra jaitsi da EAEn. Datua "positiboa" dela aitortu arren, "oraindik zifrak oso altuak" direla nabarmendu du, eta abiapuntua ezin dela ahaztu esan du. "Azken urteotan argindarraren prezioa biderkatu egin da eta gasarena, hirukoiztu. Gure enpresetan kostuen ekaitz perfektua egon da: covid ondorengo kostuen igoera, energiaren kostua, finantza kostuak (...) Errentagarritasuna kolokan dago. Egun, lana badugu, baina errentagarritasuna falta zaigu", zehaztu du.
Zentzu horretan, Arabako patronalaren burua zuhur agertu da, atzeraldi baten arriskuaz hitz egiterakoan. Ezkortasunik ez duela zabaldu nahi esan du, baina gaur egun hazkundea oso moderatua dela azpimarratu du, eta Arabako enpresen bezero diren herrialde asko atzeraldian sartzear daudela.
Agertoki horretan, enpresariak enpleguari eusteko egiten ari diren ahalegina azpimarratu du, baina argi utzi du produkzioa jaisten hasten bada, zaila izango dela lanpostu guztiak mantentzea.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontu proiektuari buruz, berriz, SEAko buruak erakundeek egindako lanari balioa eman nahi izan dio, baina ausardia gehiago eskatu die, batez ere, fiskalitateari dagokionez. Bere esanetan, Kontzertu Ekonomikoak aukera asko eskatzen ditu, eta horiek "ausardia gehiagorekin" erabili behar dira.
Azkenik, baikor agertu da Mercedes Benzek Gasteizen egin dezakeen 1.200 milioi euroko inbertsioaren inguruan. Arabak inbertsio horretarako baldintza guztiak betetzen dituela azaldu du, eta multinazionalak erabakia lehenbailehen hartzea espero duela.