Ekonomia -

2023KO AURREKONTUAK

Aurrekontuen negoziazioari ekin diote gaur Jaurlaritzak eta oposizioko alderdiek

Ezkerreko taldeek, azken egunotan, kontuekiko ezadostasunak agerian utzi dituzte, eta bi aldeek jarrerak urrunduta ekingo diote elkarrizketari. EH Bildu izan da Azpiazurekin biltzen lehena (09:30), eta ondoren, Elkarrekin Podemos-IU (11:00) eta PP+Cs (12:30) taldeen txanda izango da.

Pedro Azpiazu, 2023ko aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu, 2023ko aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Jaurlaritzak EH Bildurekin hasi ditu aurrekontuen inguruko negoziaketak

0:29

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza eta oposizioko taldeak, Vox izan ezik, gaur hasiko dira 2023ko aurrekontu proiektua negoziatzen. Elkarri entzuteko eta hitz egiteko borondatea erakutsi badute ere, kontuen edukiari dagokionez, jarrerak urrunduta eseriko dira mahaian. Hizketan hasterako, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak argi eta garbi utzi du proposamenak kontuan hartu bai, baina egiturazko aldaketarik ez dutela egingo.

EH Bildu izan da Azpiazurekin biltzen lehena, 09:30ean. Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena ezkerreko koalizioko legebiltzarkideek atzo esan zutenez, "Eusko Jaurlaritzak logika zaharkituarekin jarraitzen du", eta "bizi dugun aro aldaketan, herri bezala ditugun erronkei egiturazko neurrien bidez erantzun behar diegu".

Halaber, koalizioak "balantze gazi-gozoa" egin zuen aurtengo kontuei buruz lortutako itunaren betetze mailaren inguruan. Iaz adostutako neurri ekonomikoak "oro har" bete badira ere, Iriartek eta Kortajarenak salatu zuten ez dela gauza bera gertatu gutxieneko soldata hobetzera eta alokairuaren prezioak mugatzera bideratutako "konpromiso politikoekin".

Proposamen "arrazoizkoak, arrazoituak eta egingarriak" jarriko ditu EH Bilduk mahai gainean gaur, "gutxieneko akordioak lortzera bideratutakoak". Tartean, fiskalitatearen inguruko neurriak eramango ditu, atal horretan akordioa erdiestea "zaila" ikusten duen arren.

Elkarrekin Podemos-IU taldeko ordezkariak izango dira Ekonomia sailburuarekin hitz egingo duten hurrenak. Akordioa lortzeko "borondate argia" dutela esan zuen atzo Miren Gorrotxategi koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak, eta osasun, etxebizitza, krisi energetiko edota hezkuntza arloko proposamenekin joango dira batzarrera.

Hain zuzen, hezkuntza lege berriaren inguruan jarriko dute azpimarra berezia. "Hezkuntza ituna betetzea eskatzen dugu, eta betetzen den heinean, gure jarrera moldatuko dugu aurrekontuak onartzeko orduan. Ituna bete behar da, eta horretarako, itunean bertan jasota dagoenez, bermatu egin behar da hezkuntzak eskaintza publiko nahikoa izatea leku guztietan", esan zuen Gorrotxategik.

PP+Cs taldeak, bere aldetik, iragarri du "intentziorik onenarekin" joango dela bilerara, baina ez du uste Jaurlaritzak ezer aldatzeko eta oposizioaren proposamenak aintzat hartzeko borondatea duenik. Popularrek ere, fiskalitatearen inguruko proposamena eramango dute batzarrera.

Jaurlaritzak 14.250,7 milioi euroko aurrekontu proiektua prestatu du datorren urterako, aurten baino 1.142 milioi gehiagokoa, % 8,7 gehiago. Azpiazuk gogorarazi zuenez, EAJ-PSE-EE koalizio gobernuak gehiengoa du Legebiltzarrean kontuak aurrera ateratzeko, baina aurrekontuak adostasun handiagoarekin ateratzeko akordiorako gonbita berretsi zien taldeei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak